Sakandarrak Iruñeko pastoralean

Guaixe 2015ko urr. 9a, 10:35
Mariak, Castillok, Rafak eta Txominek irakurri eginen dute.

Larunbatean, 17:00etan, Iruñeko Burgoen plazan; eguraldiak lagunduko ez balu, Labrit  pilotalekuan. Zuberoako herri antzerkian parte hartuko dutenek 12:00etan Iruñeko Alde Zaharreko karriketan barna desfilea edo Karrika-ingurua eginen dute Karmen kaletik abiatuta.

Josemiel Bidador, Iruñeko Euskaldunak pastorala jokatuko da bihar. Hiriburuan bertan sortutako zuberoar moldeko ikuskizunarekin Jose Migel Bidador zena omendu nahi dute Duguna dantza taldeak, Zaldiko Maldiko elkarteak, Txantreako Euskaldunon Biltokik eta Karrikiri Iruñeko euskaltzaleon topaguneak. Ikuskizunean Bidadorren ibilbidearen glosa eginen da; Bidador idazle, dantzari, ikerlari, alkate, laguna, familiako…ageriko da eta, era berean, ikuskizunak Iruñeko euskaldunei eginiko gorazarrea izan nahi du.

Ia ehun lagun ari dira arizale, kantari, dantzari, musikari eta gainerako parte-hartzaileen artean. Haietako lau sakandarrak dira: Rafa Blanco, Castillo Suarez, Txomin Uharte eta Maria Flores. Laurak ere 6. jelkaldiko testu irakurleak izanen dira. Bidador duela bost urte hil zen eta Artikako kultur etxean omenaldia egin zioten. Han irakurritako testuen pasarteak irakurriko dituzte laurek bihar. Bidadorrek Bierrik fundazioarekin izandako harremanaz ariko da Blanco; Suarez Euskal Idazleen Elkarteko kide gisa eta Uharte eta Flores lagun gisa. Pastorala lehenagotik prestatzen ari badira ere, sakandarrak garilean lotu ziren entseguetara.


JOXEMIEL BIDADOR
Joxemiel Bidador Iruñean jaio zen 1970eko martxoaren 28an, eta 2010eko martxoaren 2an hil zen. Iruñean, Altsasun eta Tuteran egin zituen ikasketak eta IPES, AEK eta Lazkaoko Maizpide barnetegian ikasi zuen euskara. Gasteizen Euskal Filologia ikasi zuen. Bere ibilbide profesionala beti egon zen euskarari lotua, Iruñean eta Tuteran, bereziki, non euskara eta euskaraz irakatsi baitzuen.

Iruñeko euskal kulturan aztarna sakona utzi duen gizona izan da Joxemiel Bidador, eta horixe da haren omenez eskaini nahi dugun ikusgarri honen kausa sortzailea. Joxemielek euskal kultura eta bere herria biziki maite zituen, eta jakin zuen maitasun hau hainbat modutara gauzatzen eta adierazten.

Asko izan ziren jorratu zituen alorrak, eta denetan egin zuen bere ekarpena. Dantzaria eta dantza herrikoiaren ikertzaile izan zen; Duguna taldearen partaidea eta San Lorentzoko dantzanteen taldearen sortzaileetakoa izan zen, eta ikertzaile moduan idatzi zuen Dantzaren erreforma Euskal Herrian lanak 2004ko Unamuno Saria irabazi zuen Bilbon. Euskal Dantzarien Biltzarrak argitaratzen duen Dantzariak aldizkarian ere aritu zen.

Filologo moduan eta euskararen ikerlari moduan hainbat lan utzi zizkigun: Noticias y restos del euskara de Val de Ollo, kasurako, baita gure hizkuntzak Nafarroan eduki duen bilakabidearen beste hainbat ere, bereziki, baina ez bakarrik, euskara eta Nafarroako erribera lotzen zituztenak. Euskal kazetari moduan ere aritu zen, eta bi alderditan, gainera; kazetaritzaren historialari (Euskara Iruñeko kazetaritzan (1910-1920). Testu antología (1) eta Euskara Iruñeko kazetaritzan (1930-1936). Testu antología (2), besteak beste) baita kazetari ere, Nafarkariako eta Diario de Noticiaseko kolaborazioek erakusten duten bezala.

Baternaingo Kontzejuko lehendakari hautatua izan zen. Baina, egin zituen ekarpenen artean, baliteke euskal literaturari egin ziona garrantzizkoena izatea, ikertzaile, sortzaile eta sustatzaile eta babesle moduan egin ziolako. Ikertzaile, Agerre, Tapia Perurena eta beste hainbaten ezkutuko lanak berreskuratu zituelako. Bierrik fundazioarekin Sakanako euskal idazleen antología (I) liburua argitaratu zuen 2000. urtean. Sortzaile, berak idatzia baita Hutseaniko hazkurria poesia liburua; eta babesle eta akuilu moduan, Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra lana ondu zuenean bezala.

Ez da oso ohikoa horrenbeste dohain, lan-ahalmen eta eragiteko gaitasun pertsona bakar batengan biltzea. Joxemiel zen horietako bat. Bere ezagunek diotenez, “gainera, bere egitekoak apaltasunez, umorez eta guztien adiskidea izanez aurrera eramaten zituen”. Bidador maite eta estimatzen zutenek sustatuta sortu da biharko emanaldia.


Sarrerak
Iruñeko Karrikiri euskal dendan (Xabier karrika 4) 10 eurotan. Erreserba egiteko 948 225 845 telefonora hots egin edota bulegoa@karrikiri.org helbidera idatzi.