Hiru istripu eragin zituen autobian kontrako norabidean joanda

Guaixe 2015ko urr. 13a, 08:01

Iparraldeko Autobian (A-1), Donostiarako norabidean, kontrako zentzuan zihoan auto baten berri jaso zuen Foruzaingoak atzo, 14:35 aldera. Gasteizerantz kontrako norabidean zihoan autoak hiru istripu eragin zituen. Lehena Olatzagutia parean, 395 km puntuan. Autoak aurrera jarraitu zuen eta Ziordiko dermioan, 392,5 km puntuan, beste auto batekin talka egin zuen, eta beste autoari kalteak sortu zizkion.

Eragin zuen azken istripua Arabako muga pasa eta gero izan zen. Ezbeharraren ondorioz beste autoan zihoazen bi pertsona eta kontrako norabidean zihoan gidaria zauritu ziren. Azken istripu horretako zaurituak ateratzeko Altsasuko suhiltzaileen lana behar izan da. Zaurituetako bat Nafarroako ospitale gunera eraman zuten. Altsasu osasun aldeko mediku zerbitzuak ere ezbeharren lekura mugitu ziren. Foruzainek, bestalde, lehen bi istripuak artatu eta trafikoa bideratu zuten.