Pentsatzekoa da, joan zen asteko asteazkenean, Arantxa Quiroga ez zela ohi baino aldarte hobearekin ohetik altxatu eta bat-batean bururatu zitzaiola “hara, gaur ponentzia berri bat aurkeztu behar dut”; are gutxiago, ostegunean, biharamunak jota, ponentzia erretiratu behar zela, etsaiak politikoki erabil dezakeen aitzakian. Pentsatzekoa da proposamena egungo egoeraren hausnarketa batetik zetorrela, eta lehenago edo geroago ibili behako den bake-bidean ekarpen bat egiteko egina zela.
Etxerati, erakunde gisa, ez dagokio balorazio politikoa egitea, esperantzagarria zen eta oraingoz ezerezean gelditu den jarrera aldaketa horretaz. Besterik gabe, txanponaren bi aldeak. Ifrentzua, bakearen bidean aukera ezin hobea galdu dela eta, beste behin ere, argi gelditu dela erabakiak non eta nork hartzen dituen: non, gatazkaren ondorio mingarrienak jasaten diren euskal herri honetatik kilometro askotara; nork, gatazka eta haren ondoriozko samina beste interesekin erabiltzen duen Estatuak. Aurkia, Quiroga andreak bere narruan probatu behar izan duela Estatu horrek gure herri menderakaitz honi aplikatu dion botika; eta, are inportanteagoa dena, oraingoan ez baina etorkizun hurbil batean blokeo egoera hau gainditze aldera eman beharreko pauso bat ageri-agerian gelditu dela.
Biktimen elkarte batzuk Estatuaren arrimura hazi dira, eta horrek halako punturaino elikatu ditu, non haren politika baldintzatzeko indarra hartu duten. Elkarte horien buruak, biktimen izenean lortu duten botereak liluratuta, eragile politiko bihurtu dira; hartzen diren erabakiak politikoki zuzenak diren edo ez juzgatzeko epaile eta alderditzat dute beren burua, eta alderdi gehienak beren diskurtso paternalistaren ondorioak ordaintzen ari dira, bai baitakite elkarte horiekiko jarrera bat edo beste izateak botoak eman edo kendu egiten duela. Testuinguru horretan kokatu behar da, gure ustez, Quirogaren keinu zapuztua.
Eta testuinguru horretan, gogoratu beharra dago Etxeraten ibilbideak hasiera eta akabera duela, eta helburu zehatza: euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak defendatzea eta eskubide horien urraketak salatzea; eta gure ibilbidea bukatuko da azken euskal preso eta iheslari politikoa etxean ditugun momentuan bertan.