EHko erdigunea, bilgune

Guaixe 2015ko urr. 13a, 11:20

Iratxok, Sakanako Mendizaleak eta Indepentistak sareak deitutako ekimenak erantzun polita izan zuen

Irurtzungo Iratxo mendi taldeak, Sakanako mendizaleak eta Independentistak sareak Euskal Herriko erdigunera mendi martxa antolatu zuten igandean. Jakina denez, Felix Isasak, hainbat neurketen ondorioz, Euskal Herriko erdigunea Andia mendilerroan dagoela zehaztu zuen, Beriain tontorretik nahiko hurbil, Olibesario sakonune edo saroian (1.232 m). Leku zoragarria da eta bertan mugarria jaso zuten. Bada, bertara mendi ibilbidea antolatu zuten igandean. Antolatzaileek urtero ekimenarekin jarraitzea dute erronka lurraldetasuna aldarrikatzeko bide moduan. Aipatu martxa “lurraldetasunaren martxa” bilakatu nahi dute.

Hiru zutabe atera ziren goizeko 9:00etan: bata Irañetatik, Unanutik bestea eta Ollotik azkena. Mendizale guztiek EHko erdigunean topo egin zuten eta bertan ekitaldia egin zuten. Mikel Goldarazenak eta Txutxi Ariznabarretak hartu zuten hitza, eta Ikusi Mendizaleak abestia kantatuz bukatu zuten ekimena. 200 pertsona inguru bildu ziren. Ondoren, zutabe bakoitza bere ibilbidetik jaitsi egin zen eta guztiek Irurtzunen bat egin zuten, bertan antolatutako bazkarian.