Agorrileko etenaren ondoren, irailean langabeziak behera egin du

Guaixe 2015ko urr. 16a, 11:09
Langilea obrarako makinen ondoan, Izurdiagan.

Irailaren akaberan 1.234 sakandar zeuden lan bila, aurreko hilean baino 44 gutxiago.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jakinarazi duenez, 1.234 sakandar langabe zeuden iraila despeditzean. Urte hasieran baino 405 gutxiago dira eta aurreko urteko irailarekin alderatuta 314 gutxiago. Sakandarrak Nafarroako populazioaren %3,19 izanik ibarreko langabeak %2,99 dira.

Generoari erreparatuta gero eta alde handiagoa dago gizonezko eta emakumezkoen artean. Ia hamar langabeetatik sei emakumezkoak dira, 732 (%59,32 eta aurreko hilean baino1 gehiago). Gizonezko langabeak, berriz, 502 ziren (%40,68 eta 45 gutxiago). Adinari dagokionez, langabeen ia erdiak 45 urte edo gehiago ditu, 615ek (%49,84 eta 15 gutxiago). 25 eta 44 urte arteko langabetuak 492 dira (%39,87 eta 52 gutxiago). Azkenik, 25 urtez azpitik eta langabezian dauden 127 sakandar daude (%10,29 eta 23 gehiago).

Sektoreak
Langabetu sakandar gehienek, hamarretik seik, zerbitzuen arloan lan egin nahi lukete, 753 (%61,02 eta 18 gutxiago). Industrian lan egiteko prest zeuden 282 sakandar iraila akaberan (%22,85 eta 39 gutxiago). Eraikuntzarako lan eskatzaileak 85 ziren (%6,89 eta 1 gutxiago). Lehen sektorean aritzeko prest 28 pertsona zeuden (%2,27 eta 5 gehiago). Azkenik, aurretik lan egin ez duten eta lan bila ari direnak 85 ziren (%6,97 eta 9 gehiago).

Kontratuak
Udako oporrak despeditu ondoren sakandarrek sinatutako kontratuek gora egin dute, 257 gehiago, 838ra iritsi arte. Gizonezkoek 425 kontratu sinatu dituzte (%50,72 eta aurreko hilean  baino 92 kontratu gehiago). Emakumezkoen sinadura 413 kontratuk zuten irailean (%49,28 eta 165 gehiago). Sinatutako kontratu gehienak, %95,11, aldi baterako ziren (797 eta aurreko hilean baino 252 gehiago). Irailean 25 pertsonen kontratuak mugagabe bihurtu ziren (%2,98 eta 1 gehiago). Hasieratik mugagabeko kontratuarekin lanean 16 sakandar hasi ziren (%1,91 eta 4 gehiago).

Zerbitzuen arloan sinatu ziren kontratu gehienak, 503 (%60,02 eta aurreko hilean baino 228 gehiago). Industrian aritzeko 325 kontratu sinatu ziren (%38,78 eta 46 gehiago). Eraikuntzara bideratutako 6 kontratu izenpetu ziren irailean Sakanan (%0,72 eta 17 gutxiago). Azkenik, lehen sektoreko 4 kontratu egin ziren (%0,48 eta irailean bezala). Nafarroan irailean sinatu ziren 36.598 kontratuetatik %2,29 sakandarrenak ziren.

Langabezia herrika
Herria     Langabetuak   Aldea
Arakil                      35    2
Irurtzun                 138    5            
Irañeta                     6     0
Uharte Arakil           39    -1
Arruazu                    4    -2        
Lakuntza                48    -1                             
Arbizu                    53    -8            
Ergoiena                  8    0        
Etxarri Aranatz      124   -14            
Bakaiku                  14    1            
Iturmendi                23   1            
Urdiain                    21   -4    
Altsasu                  606   -30        
Olatzagutia            100    9         
Ziordia                    15   -2            
Sakana             1.234   -44