Udazkena heltzearekin batera eguneroko eginkizunei ekiten diogu berriro modu trinkoan. Honen harira, momentu egokia da gure buruari buruz hausnartzeko eta ea benetan ikusten ditugun gure kontsumo ereduak harrarazten dizkigun arriskuak.
Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionalak egindako 2014ko memoriak trafiko istripuetan hildakoei buruz eskaintzen dituen datuek zera adierazten dute: hildako guztien (614) ehuneko 39,09k (240) drogaren bat hartu zuen. Nafarroan 7 hil ziren, 2013an baino bat gutxiago, eta jaitsiera hau positibotzat jo dezakegu.
Drogaz ari garenean, alkohola barne, gazteek arazo gehienak dituztela uste dugun arren, azpimarratzekoa da trafiko istripuetan hil direnen gehiengoak 41 eta 50 urte bitarte zituztela eta alkohola edaten zutela. Gainera, istripu gehienak astegunetan gertatzen dira.
Bigarrengo talde batean kokatzen dira 60 urtetik gorakoak, eta, azkenik, 31 eta 40 urte bitartekoak. 21etik 30 urtera bitartekoak jasaten dituzte istripu hilgarri gutxien, nahiz eta asteburuetan gertatzen diren istripu hilgarrien gehiengoa pairatzen duten. Agian honelako ikerketek lagundu ahal digute gure kontsumo erak aztertzen eta horren ondorioz modu egokian ekiten.
Kontsumitzen duen pertsona orok ez du egiten neurriz kanpo edo ez du izaten arazo larririk, noski. Ondo legoke galderatxo batzuen laguntzaz gure burua ebaluatu eta horren arabera ekitea. Zazpi galdera hauek gure kontsumitzeko erak arazoak sortuko dizkigun jakiten lagunduko digute. Alkoholarekin lotuta daude, berau delako gehien kontsumitzen den sustantzia, baita ere merkeena eta errazena lortzeko. Gainera hauxe da arrisku pertzepzio txikiena duena.
Egon al zara inoiz alkoholaren eraginaren menpe istripu bat eragin zezakeen egoera batean?
Edan al duzu inoiz nahi zenuena baino gehiago?
Zure gizarte sarea baldintzatzen al du alkoholarekiko erlazioak?
Erabili al duzu inoiz alkohola zure bestelako arazoetatik aldentzeko?
Eragiten al dio alkoholak zure lan egoerari?
Edaten duzun moduak eragozpenak sortzen dizkizu?
Eragiten al dio alkoholak zure familiako erlazioei?
Galderen gehiengoari baietz erantzun badiezu, agian laguntza eskatzeko unea iritsi da. Hasiera batean zure familia eta lagunarteko inguruan izan daiteke, edo zuzenean osasun zentroetan edo gizarte zerbitzuetan laguntza profesionala eskatu ahal duzu.