SEE 34 enpresari lan arriskuen prebentzio sistemetan aholkatzen ari da

Guaixe 2015ko urr. 16a, 10:33
Utzuganen langileendako egindako ikastaroa.

Langileen lan arriskuen prebentzio maila hobetu asmoz, Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) aurten ibarreko 34 enpresetan ari da lanean. Horretarako, SEEtik teknika edo antolakuntza arlo neurriak sustatzen ari dira. Horien artean daude, besteak beste, Prebentzio Planak eraginkorki ezartzeko aholkularitza ematea edo egungo legedira egokitzeko enpresetan dauden prebentzio sistemen berrikusketa.

Cristina Irisarrik gogorarazi duenez, elkartearen sorreratik, “duela 20 urte baino gehiagotik, SEEren kezka eta eginkizun nagusietako bat ibarreko enpresetako langileen lan baldintzak eta segurtasuna hobetzea izan da”. Irisarrik nabarmendu du ibarreko enpresa ehunaren zati handienak 50 langile baino gutxiago dituela “eta Nafarroako Osasun Publiko eta Laboraleko Institutuaren joan den urteko datuen arabera, tamaina horretako enpresetan gertatzen dira lan istripuen erdia”.

Lan Arriskuen Prebentzio legedia indarrean jarri zenetik elkarteak eta enpresek egindako lana azpimarratu nahi izan du Irisarrik. Arriskuen Prebentzio Planak ezartzen eta hobetzen SEEk egindako lanak Nafarroako Gobernuaren aitortza jaso zuen 2001ean, Lan Segurtasunerako saria jasotzean. Irisarrik nabarmendu du elkarteak bere ibilbidean 300etik gora jarduera egin dituela arlo horretan. Langileen lan baldintzak hobetzeko eta istripu-kopurua murrizteko egindakoen artean honako hauek zerrendatu ditu: Sakanako enpresei lan arriskuen inguruko ebaluazioa egiten laguntzea eta kolaborazioa; ebaluazio eta prebentzio sistema ezartzeko laguntza ematea; ebaluazio, lan taldeen egokitzapenerako eta babes kolektiboetarako laguntzen kudeaketa; hitzaldiak eta ikastaroak; berraztertzeak eta komunikazio eta sentsibilizazio jardunak.