Euskalgintzako eragileen koordinaziorako batzarra

Guaixe 2015ko urr. 16a, 08:19

Aurreko ikasturtean sortu zen Sakanako Euskalgintzaren Bilgunea.

Gaur, 18:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean.

Aurreko ikasturtean sortu zen Sakanako Euskalgintzaren Bilgunea (SEB) eta ikasturte berrira begira batzar irekia deitu du. Gaurko bileran lehenik ibarreko euskalgintzako eragile bakoitzak ikasturte honetarako dituen egitasmoen berri emanen du. Eragile bakoitzak bizpahiru minutu izanen ditu horretarako.

Behin eragile guztien egitasmoen berri izanik, ikasturte berrirako Sakanarako lan ildo bateratuak izan daitezkeenak jorratuko dituzte. SEBetik euskararen presentzia eta erabilera eremu ezberdinetara zabaltzeko dinamika anitza plantatzen dute: osasuna, turismoa, merkataritza, lana-enpresa eta eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izan daitezen. Horretarako zuzenean inplikatutako eragile eta elkarteekin egin beharreko lanketa aztertuko dute. Sakanan euskara balio gehitua dela nabarmendu eta euskararen eskaera soziala sustatu nahi dute, hizkuntzaren aldeko kontzientzia hartzearekin batera.

SEBetik adierazi dute “herrietan eta eremu ezberdinetarako lan dinamika orokor eta anitza” planteatzen dutela, baina gaurko batzarrean “ideia osatu, adostu, aldatu... eta zehazteko tartea” izanen dela. Hala ere, hausnarketa aurretik egina eramatea eskertuko lukete, “bilerako lanketa errazagoa izateko”. Gaurko batzarrean “dinamika bera zehaztu eta dinamika aurrera eramateko modua landu beharko genituzke, orokorrean bada ere”. Adostutako dinamikak aurrera eramateko talde eragilea osatzea ere aurreikusten da. Lau kidez osatua izatea proposatuko dute.