Makina bat sakandar Nafarroa Oinezen

Guaixe 2015ko urr. 19a, 15:37

Autobusez eta autoz, sakandar ugarik ibarra eta Elizondo arteko joan etorria egin zuten atzo. Nafarroa Oinezen parte hartu zuten guztiek, batzuk boluntario gisa lanean, asko eta asko ospakizunean parte hartuz. Lehenetako asko tabernatan zerbitzatzen aritu ziren. Eta beste talde bat 550 pertsonendako paella egiten eta zerbitzatzen.

Egun berezia izan zen lantalde horrendako, bihotz eta arima izandako Benigno Mendia Goikoetxea hilberri zegoelako. Festaren mustutze ekitaldian Nafarroako Ikastolen Elkarteko Pello Irujok gogoan izan zuen. Paella zerbitzatu aurretik Nafarroa Oinezeko antolakuntzako Marta Igoak Mendiaren familiari eta koadrilari Benignoren irudia zuen koadro bana oparitu zien eta guztiei aurreskua dantzatu zitzaien. Edor Zubeldiak eta Iparraldeko lagunek Xalbadorren heriotzean kantua abestu zuten.

Bestalde, Oinez Erronkan parte hartu zuten Sakanako bi ikastoletako talde gazteak. Ez ziren lauko finalerako sailkatu ahal izan. Andra Mari ikastolakoa 5. izan zen eta 6. Iñigo Aritza. Erronka Baztango ikastolako taldearendako izan zen.