Baleontziak olaztiarretik ere baduelako

Guaixe 2015ko urr. 21a, 18:46

Pasai Donibanen San Joan baleontziaren eraikuntza ikusteko irteera antolatu du udalak, azaroaren 15ean izanen da. Igandean urdiaindarrak joango dira baleontziko lanak bisitatzera.

Ternuan urperatutako XVI. mendeko San Juan Baleontzia egiteko Sakanako haritzak erabiltzen ari dira Albaola itsas faktorian. Erabiltzen ari diren zura horren zati bat Olatzagutiko Egamuneta parajetik atera zen. Eta, hain zuzen, biak ezagutzeko irteera bana antolatu du udalak. Azaroaren 14an, larunbatarekin, herriko hariztira bisita gidatua eginen da 10:30etik 13:00etara. Hurrengo egunean, azaroaren 15ean, domekan, txangoa izanen da Pasai Donibanera. 9:00etan abiatuko da autobusa eta 14:30ean bueltatuko da. Bi jardueretan parte hartzeko udaletxean eman behar da izena hilaren 30 baino lehen. Txangorako 7 euro ordaindu behar dira.

Asteburuan urdiaindarrak joango dira
Igandean urdiaindarrak izango dira Albaola itsas faktorira joango direnak, San Juan Baleontzia egiteko lanak ezagutzera. 109 urdiaindar daude izena emanda eta bi autobus joango dira. Goizean itsas faktoria ezagutu eta gero, Pasaian bazkaltzera geratuko dira, arratsaldean Urdiainera itzultzeko.