SEEren ikastaroak, atzera ere, bertan behera

Guaixe 2015ko urr. 24a, 10:21

Udaberrian gertatu bezala Sakanako Enpresarien Elkartea Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntzarik gabe gelditu da

Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) jakinarazi du udazkenerako iragarriak zituen hiru ikastaroak bertan behera gelditu direla. Enpresarako ingelesa, Excel programa eta inteligentzia emozionalari buruzko ikastaro bana zeuden iragarriak. SEEtik jakinarazi dutenez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza faltak ikastaroak bertan behera uztea ekarri du. Prestakuntza zerbitzua garrantzitsutzat jo du elkarteak eta heldu den urtean hura eskaintzen ahaleginduko dela aurreratu du.

SEEk maiatzean jakinarazi zuen arrazoi beragatik zazpi ikastaro bertan behera gelditu zirela. Langileendako doako prestakuntza eskaintzeko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasotzen zuen SEEk. Baina Nafarroan prestakuntzarako dirua banatzeko akordioak eta Espainiako Gobernuak onartutakoak kontrajarriak dira. Azken horrek langileen trebakuntzan aritzeko enpresa eta prestakuntza zentro guztien konkurrentzia askea sustatu nahi du eta administrazio publiko guztiei eragiten die.