SEBek osasungintza euskalduntzeko lana eginen du

Guaixe 2015ko urr. 23a, 09:43

Sakanako Euskalgintzaren Batzordeak (SEB) ibarrean osasun zerbitzuen euskalduntzea lortzeko lan egitea erabaki zuen ostiralean. Horretarako, eragile euskaltzaleek elkarrekin aritzeko plangintza eginen dute. Langintza horretan Etxarri Aranazko osasun etxearen inguruan aurten egindako ibilbidea eredu gisa erabiliko dute.

SEBek ikasturtean barna bizpahiru bilera egiten ditu eta batzar artean erabakitakoaren kudeaketa egiteaz hiru kideko talde eragile bat arduratzen da, boluntariorik badago handitu daitekeena. Talde eragile hori osasungintzan euskarak aurrerako urratsak emateko plangintza egiteaz arduratuko da.

Eredua
Jakina denez, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua, Etxarri Aranazko Udala eta euskalgintzako hainbat eragile Osasungintza Euskaraz lantaldea osatu zuten. Udaberri akaberan bulkatu zuten kanpainaren bidez herritarren 592 sinadura jaso zituzten. Sakandar horiek hiru eskaera babestu zituzten: osasun etxeko lanpostuak plantilla organikoan euskara eskakizuna izan dezatela; dagoeneko lanean ari diren eta beharra duten langileek euskalduntze plan bat izatea eta, azkenik, idatzizko euskarriak ere euskaraz egotea bermatu dadila.

Gainera, ikastetxeetako orientatzaileek kanpainarekin bat egin zuten Etxarriko Osasun etxean Emakumeen Arreta Zerbitzua baitago. Handik, ikastetxeetarako sexu heziketa programa garatzen da. Bere eremuan D ereduan ikasten dute ikasle gehienak eta orientatzaileek adierazi dutenez, “sexualitatearen Heziketa euskaraz eskaintzeak eskubidea izateaz gain oinarrizko behar bat da eskola komunitatearentzat. Kalitatezko Hezkuntzaren garapenak eta bermeak hizkuntzaren, euskararen, betekizuna bere baitan behar du, berezkoa du”. Arartekoak herritarren eskaerak aintzat hartzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Segi
Aurten elkarrekin landu zitzaketen arloak aztertu zituzten SEBen bileran. Osasungitzaz aparte, merkataritzan, turismoan, lan munduan eta aisialdian euskararen alde eragitea aztertu zuten. Sektore bakoitzean gure hizkuntzak zein egoera duen aztertu zuten eta ikasturte honetan Sakanan osasungintza lantzea erabaki bazuten ere, etorkizunean gainontzekoetan aritzea ez zuten baztertu.

Bileran Etxarri Aranatz eta Altsasuko EHEko, Bierrik fundazioko, Aizpea Irurtzungo euskaltzaleen topaguneko, AEKko, Uharte Arakilgo eta Arbizuko euskara zinegotziak, Maite Aldaz eta Maitane Intxaurraga elkartu ziren. Elkarri ikasturte honetarako zein asmo dituzten jakinarazi zieten.