Sakanako Gida etxez etxe

Guaixe 2015ko urr. 23a, 09:17

Ibarreko zerbitzu eta establezimenduen eskaintza zabalaren berri ematen dute bai paperezko bertsioak baita www.guaixe.eus/gida atariak ere.

Bierrik fundazioak argitaratutako Sakanako gida komertziala ibarrean banatzen gaur hasi dira eta egun gutxiren buruan despedituko da banaketa. Sakanako etxe guztietan eta gidan bertan parte hartzen duten bezeroek jasoko dute hurrengo egunetan. Guztira Sakanako Gidaren 8.500 ale banatuko dira etxeetan.

Gida eskutan hartuta erabiltzaileak ibarreko zerbitzuei, enpresei, dendei eta autonomoei buruzko informazio argi eta eguneratua jasoko du. Egunerokoan behar den informazio praktikoa hain zuzen ere. Eta, aldi berean, Sakanan dugun ekonomia-ehunaren aniztasunaz eta establezimenduen ugaritasunez jabetzeko baliagarria ere bada gida. Haietan erosiz Sakanan bizi eta lan leloa gauzatzen dugu. Batetik, herritarren arteko harremanak sustatzen direlako Eta, bestetik, herrietako merkataritza sarea osasuntsu mantenduz herriei bizia ematen zaielako.

Sakanako Gida ez da Bierrik fundazioak asmo horrekin aurrera daraman ekimen bakarra. 2012az geroztik BeleixeGuaixe txartela indarrean da. Fundazioaren babesle diren 1.550 sakandarrek ibarreko 90 establezimendu ingurutan egunero abantailez gozatzeko aukera dute. Eta, aldi berean, Sakanako euskarazko hedabideen alde egiten dute.

Sarean
Paperean jasotako informazioa guaixe.eus/gida web helbidean ere eskuragarri dago. Beraz, Sakanako enpresa, komertzio eta bestelakoen berri telefono mugikor, tablet eta ordenagailu bidez kontsultatu daiteke ere. Paperean bezala Interneteko euskarrian sailka eta azpisailka antolatu da gida. Sarean, gainera, establezimendu bakoitzak bere orria du zeinetan helbidea, telefonoa, e-posta eta web orriaren berri ematen den. Mapa batean haren kokapenaren berri ere ematen da. Beraz, gidaren loturan klik egin ondoren negozioaren sailkapenaren edo zuzeneko bilaketaren bidez opatu daiteke intereseko establezimendua.

Harremanetarako
Sakanako Gidaren hurrengo edizioan edo www.guaixe.eus/gida atarian sartu nahi dutenek 948 564 275 telefonora hots egin edo publi@guaixe.eus edo publizitatea@guaixe.eus e-posta helbideetara idatz dezakete.