Burundarrak baleontzia ezagutzera

Ziordiarrak larunbatean eta urdiaindarrak domekan Pasai Donibanera joanen dira.

Albaola itsas faktorian pixkanaka-pixkanaka itxura hartzen ari da XVI. mendeko San Juan baleontziaren errepika. Sakanako haritzekin egiten ari diren eraikuntza lan hori ikusteko asmoz Etxarri Aranazko, Urdiaingo eta Ziordiko udalek astebururako irteera bana prestatu dute. Museoaren aurrean izandako luizi bategatik Trintxerpetik itsasontzian iritsiko dira Albaolara. Etxarriarrak eta ziordiarrak bihar joanen dira, etzi urdiaindarrak. 50 etxarriarrek hartuko dute Pasai Donibanerako bidea. Albaola bisitatu aurretik nahi dutenek Pasaiako badia txalupatik ezagutzeko aukera izanen dute. Lanak bisitatu ondoren bazkaldu eta arratsaldea libre izanen dute.

Behin baleontziaren lanak zertan diren ikusi ondoren, ziordiarrak Pasai San Pedron barnako bisita gidatua izanen dute. Hura despeditzean hirugarrenez itsasontzia hartu eta Pasai Donibanera pasako dira hura ezagutzeko. Bazkaldu ondoren, etxera bueltatu aurretik arratsaldea libre izanen dute. Adin guztietako 65 ziordiar joanen dira bihar, udaleko kultura batzorde parte-hartzaileak antolatutako irteerara. Domekan, berriz, Albaola bisitatu eta Pasaian bazkaltzeko asmoz 109 urdiaindarrek autobusa hartuko dute.