Beraza Euskal Herriko Km Bertikalen txapelduna beterano mailan

Guaixe 2015ko urr. 27a, 12:01

Igandean II. Araia-Aratz Km Bertikalean 7.a sailkatu zen uhartearra, lehen beteranoa, eta Euskal Herriko Km Bertikalen Kopako beterano onena izan zen. Mikel Rubio promesa mailako bigarrena izan da Araian eta EHkoan, eta Asier Reparaz kadete mailako hirugarrena izan zen Araian

Igandean II. Araia-Aratz Km Bertikala (4,1 km) jokatu zen Araian, Euskal Herriko Km Bertikalen Koparako puntuagarria zen azken proba. 114 mendi korrikalarik osatu zuten proba eta Iñigo Lariz elgoibartarra izan zen azkarrena (36:26). Emakumezkoetan Virginia Perez gasteiztarra gailendu zen (45:10).

Sakandarrak primeran ibili ziren. Jose Luis Beraza uhartearra zazpigarrena sailkatu zen (39:06), probako lehen beteranoa. Mikel Rubio irurtzundarra, berriz, 22.a izan zen (42:45), probako promesen mailako bigarren onena. Asier Reparaz arbizuarrak ere etorkizun oparoa du. 39.a sailkatu zen (46:12), probako hirugarren kadete onena. Bestalde, Joxan Salgado altsasuarra 78.a sailkatu zen (52:12) eta Joxeja Maiza etxarriarra 80.a (52:48).

Euskal Herriko Km Bertikalen Kopan lehena eta bigarrena
Euskal Herriko Km Bertikalen Kopan lehena eta bigarrena
Aurten 6 probak puntuatzen zuten Euskal Herriko Km Bertikalen Koparako, Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalak tartean, eta igandean jokatutako II. Araia-Aratz bertikalak erabaki zuen Kopa. Iñigo Lariz eta Virginia Perez izan dira txapeldunak. Jose Luis Beraza izan da Kopako beteranoen mailako txapelduna. “Oso kontentu nago, sentsazio bikainekin” adierazi du uhartearrak sare sozialetan. Bestalde, Mikel Rubio irurtzundarra Euskal Herriko Km Bertikalen Kopako promesen mailan bigarrena sailkatu da, eta senior mailan lehen 10 postuetan sailkatu da. Kontentu egoteko arrazoi asko ditu irurtzundarrak.