Euskararen alde egotea gauza ederra da, baina ederragoa euskararen alde EGITEA. Euskara ez da bihotzean gordeta edukitzeko zerbait, ez da sentimenduetara mugatu beharreko kontua. Euskara erabiltzeko da, irakurtzeko, mintzatzeko, abesteko, txutxumutxuak zabaltzeko... ikasteko, erakusteko, lan egiteko eta oro har, bizitzeko.
Bada ordua euskaldunok armairutik atera eta 24 orduz eta urtean 365 egunez, euskaldunak garenez, euskaraz bizitzeko. Ezinezkoa irudituko zaizu, baina ohar zaitez, egiten duzuna baina askoz gehiago egin dezakezula. Frogatu nahi? Hilabete bat har dezagun geure burua neurtzeko eta abenduaren 3an, Euskararen Egunean, bizi gaitezen euskara hutsez. Zaila izango da, baina ez ezinezkoa. “Berria” egunkaria irakur dezakezu, “Guaixe” ere bai, noski! Euskarazko irrati eta telebistak ere baditugu! Euskaraz soilik mintzatuko gara eta sor daitezkeen oztopoak gainditzeko euskaraz eta mantso errepika dezakegu, keinuak egin... erdararik ez! Egunero saiatzen naiz horretan, baina abenduaren 3an zurekin batera lortu nahi dut. Euskararen harrotasun eguna izango da abenduaren 3a.
Egun horretan ez gara zu eta ni bakarrik aterako armairutik, ez. Twitterreko traola hauek erabiliko ditugu: #EuskarazBizi #EuskaldunEtaHarro #EgotetikEgitera; Gure esperientzia positibo eta ez hain positiboak facebooken elkarbanatuko ditugu; whatsapp talde bat sortuko dugu armairutik aterako garen guztion artean (egun horretarako bakarrik izango dena). Izango duzu ekimen honen berri, baina bitartean hasi entrenatzen!
Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera!