Haurrek nahi badute beldurra konjuratu, onena ez da beldurraren emoziotik ihes egitea, baizik beldurraren emozioarekin harremanetan jartzea

Guaixe 2015ko urr. 28a, 08:22
Etxepare Sariarekin argitaratutako albuma atzo aurkeztu zuten.

Pello Añorga (Oiartzun, 1956) eta Jokin Mitxelenaren (Donostia, 1962) Munstroek ere pixa egiten dute ohean album ilustratua argitaratu du Pamiela argitaletxeak. Bigarren aldia da Añorgak eta Mitxelenak Nafarroako zenbait toki-entitateetako euskara zerbitzuek antolatzen duten sari hau irabazten dutena. Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren lana 18 lanen artean hautatu zuen epaimahaiak.


ETXEPARE SARIA irabazten duzuen bigarren aldia da (aurrekoa 2006an), zer esan nahi du zuentzat sari honek, zer garrantzi ematen diozue?
P.A.:Nik, behinik behin, ez diot aparteko garrantzirik ematen, nahiz eta psikologikoki ongi etortzen den batzuengandik onespena eta laudorioak jasotzea. Izan ere, kreatzailea ezin daiteke egon laudorioen mende. Sinesten duzuna egin, eta aurrera! Tarteka ematen badizute sariren bat, ongi etorria izan dadila. Garrantzitsuena zera da, Etxepare saria dela medio, edizio txukun bat izango duela liburuak, eta, bidenabar, zabalbide  oparoa izango duela. Sariek hori dute ona: oihartzuna sortzen dutela eta, hori dela medio, liburuak izango duela sarbidea beste modu batera izango ez lukeena. Esaterako, Valentina, liburuko pertsonaia, ezagunagoa egingo da, eta berari esker, agian, hainbat haurri lagunduko dio konpainia egiten munstro beldurgarrien aurrean.
Horregatik, saria ematen didaten bakoitzean, esan dezaket nire buruaz baino gehiago alegeratzen naizela liburuko pertsonaiez.

J.M.: Poz handi bat, noski! Liburua behar bezalako baldintzetan eta hiru hizkuntzetan, gutxienez, argitaratuko delako batez ere. Eta, hala ere, halako eromen zurrunbilo bat  ikusten dut album ilustratuaren mundu honetan zeren, hemen bezala, argitaletxe eta erakunde batzuek honelako argitalpenak bultzatzeko ahalegina egiten dute, irakurlegoa ere badagoela dirudi, baina merkatuko legeekin bere kasa bizirauteko ikaragarri zaila duen arloa dirudi honek.
    

30 urtetako ibilbidea osatu duzue elkarrekin. Elkarlan oparoa izan da, gainera, ia 40 liburu argitaratu dituzue Pelloren ipuinak Jokinen marrazkiekin jantziz. Elkar ongi ezagutzen duzuen bikote sendoa osatu duzue, horrek elkarrekin segitzeko indarra emanen dizue, ezta?  Nola abiatzen da elkarlan hori?
P.A.: Elkarrekiko harremana sendotzen laguntzen du horrek, noski, eta aurrera jarraitzeko indarra, adorea eta akuilua ematen. Halere, nahiz eta bultzada indargarria izan, ez da hain garrantzitsua. Indarra ematen didana da elkarrekin lan berriak partekatzeko gogoa, elkarrengandik beti ikasten aritzeko grinak. Gure harremana ez da batere estatikoa; alderantziz, guztiz dinamikoa da, irekia, inprobisatua, eta arriskuak hartzeko ausardia duena. Oso sinplea da, eta aldi berean oso emankorra, agian erabateko konfiantzan oinarritzen delako.
    
J.M.: Tandem antzeko bat egiten dugu, hala da! Mutil kozkor garaietatik ezagutzen dugu elkar. Gure haurtzaroa paraje berberean igaro dugu eta bioi seguru asko usain eta doinu berdinek mugitzen dizkigute barrenak. Eta, aldi berean, erabat tipo ezberdinak gara: Zirkoan trapesizta eta pailazoa bezala. Horregatik izango da gure proiektuetan segituan dakigula zertaz ari garan, bata bestearen lanean ere sartzen gara,  baina inoiz batak besteari konpetentzia egin gabe.


Zein ezaugarri ditu album batek? Lanerako orduan ezberdina al da albuma osatzeko prozesua beste genero baten aldean?  
P.A.: Album batean, noski, gehiago zaindu behar duzu irudia eta testuaren arteko harremana. Ezinbestez. Izan ere, garrantzitsua ez baita bakarrik esaten duzuna, baita esaten ez duzuna ere; ez bakarrik testuak diona, baita ilustrazioak ere esaten duena; eta batez ere, testuak eta ilustrazioek elkarrekin uztartuta, sortzen duten espazio berria, hots, espazio estetiko organiko berria, non dena den garrantzitsua, espazio zuriak barne.
Horregatik, esango nuke, album batean espazioarekin jokatzeko arrisku gehiago hartu dezakezula. Baina, jakina, erronka horrek eskatzen du asko fintzea alderdi guztiak. Sinplea dirudi, baina eskatzen du ondo lotzea alderdi guztiak: dela testua, dela ilustrazioa, dela erritmoa, dela ezkerreko espazioa eta eskuinaren arteko elkarrizketa, dela paper mota, tipografia eta abar.

J.M.: Marrazkilariak lekurik handiena dauka eta idazleak txikiena. Horrek esan nahi du idazleak bere lana kupidarik gabe estilizatu behar duela eta marrazkilariak inoiz bezala luzitzeko lekua daukala. Gure kasuan, gehienek egiten duten bezala, testuaren gainean egiten dugu lana. Hala ere, testuaren edo marrazkien arabera bata edo bestea egokitzen dugu hasieratik bukaera arte.


“Testua eta irudiak elkar josita datoz, jolasa motor eta emozioa kide direla.” Zuen lanari buruz epaimahaiak esandakoa da. Zer sentitu duzue hori entzundakoan?
P.A.: Ba, poza, noski. Emozioren bat sorrarazten badu, seinale komunikatzeko gaitasuna duela liburuak. Eta zer gehiago eskatuko diogu lan bati? Zerbait erasateko, limurtzeko edo pentsarazteko gai baldin bada?

J.M.: Zerbait ondo egin dugula!
Benetan esanda, irudi liburuetan, suposatzen da, irudia eta testuak beti egon beharko luketela lotuta eta zentzuetatik sartzen diren liburuak direla horiek. Baina epaimahaiak hori esan badu, again ez da hori beti gertatzen. Gure lehen eginbeharra, gutxienez hori, bete dugu beraz!


Munstroek ere pixa egiten dute ohean liburuan beldurra, ametsak, munstrokeriak nahasten dira. Baina hala ere haurrentzako albuma da. Ez al zarete haurrak izutuko diren beldur?
P.A.: Ez, ez, alderantziz. Haurrek nahi badute beldurra konjuratu, onena ez da beldurraren emoziotik ihes egitea, baizik beldurraren emozioarekin harremanetan jartzea. Printzipio homeopatikoa da hori, hots, terapeutikoena.
Beldurra izugarria da askotan, baina baita medizinarik onena hazteko eta garatzeko pertsona gisa, helduen presentzia babesgarriaz ere ahaztu gabe, jakina.

J.M.: Beldur? Horixe nahiko genuke eta! Niri ilusio handia egingo lidake, esango balidate liburu horrekin haurrek beldurra pasatzen dutela. Baina lasai; liburua espazio errituala da, beldurrak ez du gorputz guztia hartzen eta haurrei ezta ere.  Kontrolpean dagoen beldurra beraz, txerto bat izango balitz bezala da. Beldurra dator eta bere sendatzea ere bai. Beldurra maneiatzeko entrenamendu baten antzera. Eta, aldi berean, emozio fuertea da. Hori dena lortuko bagenu, artelan batez ariko ginateke hizketan!


7 munstro agertzen dira liburuan, Valentinaren 6 munstro lagunak eta Brurrunbru munstro arratoia. Buruhauste handia eman al dizue munstroek, irudikatzeko garaian? Zeinekin gozatu duzu gehien?
J.M.: Buruhausterik batere ez! Munstroak marraztea, horixe da marrazkilari (honen) zeruetako bat! Gainera, hor badago munstro gaizto bat, eta gaiztoaren figura, hori maiz izaten da oso erakargarria, ez uste? Gure alde maltzurra disimulatuki erakusteko aukera daukagulako edo auskalo zergatik...


Hasiak al zarete hurrengo proiektuan pentsatzen? Sari bat irabazi berritan errazago ekiten al zaio hurrengo erronkari ala saridun izanak ardura handiagoa ekartzen du?
P.A.: Ni beti ari naiz saltsan proiektu berriekin eta, beraz, ez daukat arazorik aurrera jarraitzeko. Nire ardura bakarra da lanean jarraitzea, nola lehorraldian hala bustialdian, eta sinesten dudana egiten ahalegintzea. Eta egiten dudana zoria baldin badut partekatzeko besteekin, ba, bikain! Nire konpromisoa da egunero bizitzea ahalik eta erarik osoenean. Jakin badakit, abentura horretan ipuinek lotzen nautela gehiago errealitatearekin, eta laguntzen didatela errealitatearen misterioan sakontzen  eta jendearekin komunikatzen. Horregatik, bada, besterik gabe, beste erremediorik gabe, ipuinak sortzen eta kontatzen jarraituko dut, haurraren mundua izanik nire aliaturik handien.

J.M.: Horrelako zerbait izango da, bai! Saria jasotzeak esaten dizu, agian oraindik ez dela heldu ofizioz aldatzeko garaia. Baten estiloak baduela bere arrakasta. Esan beharra dago gainera, sari honetako epaimahaia bereziki anitza dela. Esparru ezberdinetatik datozen  pertsonak daude hor. Esan nahi da, mundu errealean dagoen pertsona talde bat dela eta ez erudituen pulpitoan dagoena. Horrek konfiantza handia ematen dit niri.

Erlazionatuak