2007an San Mames Barria SL Administrazio Kontseiluak Estadio Berriaren Eraikuntza Proiektu Oinarrizkoa onartu zuen; 2009an obren zuzendaritza Idom enpresari esleitu zion eta 2010ean lehendabiziko harria kokatu zen ekitaldi sinboliko batean.
San Mames berriak eraikin zaharrarekin alderatuz gero, 58.000 ikusleetatik 53.000etara murrizten du edukiera eta hiru anfiteatro handi eduki ordez, bi handi eta hirugarren bat txikiagoa ditu.
Proiektuak 160 miloi euroko inbertsioa izan du, eta futbol zelai berria izateaz gainera, San Mames alderdiaren ordenazio eta erregenerazio urbanistiko berria ekarri du, hiriburura sartzeko bide-sare berria baita Euskal Herriko Unibertsitateko Teknologia Kanpusaren kokatzea ere ahalbidetuz.
Egun, 2016. urtea iristear den honetan, ezaguna da estadio berriaren estalkiaren inguruko polemika. Euriak San Mameseko gonbidatu zitala izaten jarraitzen du, eraikinaren beheko harmailaren lehendabiziko ilaretara iritsiz, eta bertako ikusleak bustiz.
Asteburu honetan bertan ikusle batek Deia egunkarian azaltzen zuenez, aurreko osteguneko partiduko bigarren denbora ikusteko, bere eserlekua utzi eta tabernara joan beharra izan zuen. Haserrea, amorrua eta etsipena ageriak dira Athletic-eko zaleen artean.
Idom ingeniaritzak azaldu duenez, estalkiak harmaila osoa proiekzio bertikalean estaltzen du, zelaia mugatzen duen hesiraino iritsita. Baina, euriaren intentsitate, indar eta direkzioaren arabera, hegoaldeko tribunaren beheko zonaldeko ilara zenbaki aldakor batera sartu daiteke.
Enpresak bere burua zuritzen du hasierako proiektu batean zelai osoa estaltzeko proposamena aurkeztu zuela esanez. Instalazio guztia estaltzen zuen estalki bilgarria proposatu zen, baztertua izan zena eragiten zuen kostuagatik.
Arazoaren aurrean, Athetic.eko Zuzendaritza irtenbide posibleak aztertzen ari da. Dena dela, konponbideak garestiak izateaz gainera, teknikoki ez dira guztiz bideragarriak. Izan ere, eraikinaren egitura ez dago aldez aurretik kalkulatuta, egun estadioa estaltzeko proposatzen ari diren estaldurei eusteko. Lonazko estaldura arin batek ere aurretik kontuan hartu beharreko karga sortzen du eta.