Bi munduk talka egiten dute.
Bi munduak iragana eta etorkizuna izan litezke; tradizioa eta modernismoa, agian; arbasoak eta ondorengoak, akaso; baserria eta hiria; produkzioa eta artea; ziurtasuna eta ausardia; esleipena eta askatasun indibiduala; gurasoak eta seme-alabak ere bai, apika. Talka egin dezaketen mundu asko daude. Askotan herri berean, familia berean, etxe berean. Eta gehienetan, nahi baino maizago, gorputz berean.
Talka artean bizi gara. Arritmia batean. Zirt edo zart artean. Nirekin edo harekin. Txuria edo beltza. Hemen edo han. Hau edo bestea. Bai edo ez. Orain edo inoiz ez. Eta talkek, nahi ala ez, aztarnak uzten dituzte. Batzuetan, tirita batekin sendatzeko moduko atzamarkak. Baina tentuz josi eta zaindu beharreko zauri sakonak bestetan.
Non jaio naiz? Noiz? Noren alboan? Nondik nator? Nora noa? Nor naiz?
Horiek dira talka eskarmentua hartuta erantzuten saiatzen garen galderak. Gure existentziaren mugak jarri nahian sarritan eta hautsi nahian beste askotan.
Eta munduek talka egiten jarraitzen duten honetan, emeki-emeki, isil-isilik, sustraiak non dituen ondo baino hobeto dakien zuhaitzaren adar eta adaxketako hostoek gorantz, argirantz doaz. Agian oposizioa bera bere egiten du zuhaitzak. Eta preseski, hor gordetzen du bere sekreturik handiena. Izan ere, duela 80 amama neolitikoan geunden.