Urteko bisita kanposantuetara

Guaixe 2015ko urr. 30a, 09:15

Hildakoak gogoan, igandeko Domu Santu egunean kanposantuak garbitzeko eta loreak prestatzeko egunak dira hauek

Azken egunotan mugimendu handia dago lore denda eta azoketan. Baita baratzeetan ere. Hilarriak lantzen dituzten komertzio eta artisauendako ere egun mugituak dira hauek. Izan ere, igandean dugu Domu Santu edo Santu Guztien Eguna, hildakoak oroitu eta kanposantuetara joateko eguna, eta egun horretarako lorerik politenak eskaini nahi dizkiegu joan direnei. Krisantemoak, arrosak, tulipanak, margaritak… mota guztietako loreekin apainduko dira hilobi eta hilarriak, eskaintza zabala baita. Jakina, lehenago Sakanako hilerriak txukun jartzeko lan handia egin da: bidexkak garbitu, belar gaiztoak kendu, hilarriak jarri eta garbitu… iganderako urtean barna nahiko triste egoten diren kanposantuak garbitu eta kolorez betetzeko.

Kanposantuetara bisitak izaten dira ohikoenak, baina ez da ahaztu behar askok euren senitarteko eta lagunen errautsak txoko ezberdinetan aireratzen dituztela eta txoko horietara doazela euren senide, lagun eta maiteak gogoratzera. Hortaz, edozein izkin, txoko eta parajeetan lore sortak ahal dira agertu egunotan. Joandakoen omenez.