Irurtzun eta Arakilgo Gazte Asanbladak (IAGA) antolatuta II. Gazte Eguna ospatuko da Irurtzunen bihar. Bigarren edizioa bai Arakilgo ibarreko, bai Irurtzungo baita inguruko herrietako gazteen topaleku bihurtzeko asmoz antolatu dute, horretarako egitarau zabala prestatuz.
IAGAren lanaren fruitua da biharko ospakizuna. Bere kideek adierazi dutenez, “egunetik egunera bizitzako arlo guztietan argi geratzen da gazteen egoera larria dela. Langabeziak markatzen du egunerokotasun hau, honek suposatzen duen bizi baldintzapen guztiekin”. Aukera faltagatik Arakil aldetik kanpora gazte askok atera behar izan dutela gogorarazi dute IAGAtik. “Gazteak etorkizuna direla esan ohi da, baina baita oraina ere. Horregatik, gazteek gaur egungo gizartean paper protagonista bat behar dutela iritzi du IAGAk eta horretarako ari da lanean, gazteria engaiatuz”.
Lekukoa
Dozena bat urtez antolatu zen Irurtzunen Pikurock jaialdia domu santu eguneko asteburuan. Joan den urtean hura bertan behera geldituko zela zirudienean IAGAkoek lekukoa hartu eta Gazte Eguna antolatu zuten. 2014ko maiatzean hasi ziren Arakilgo eta Irurtzungo gazteak elkartzen, “gazte dinamika finko bat sortu eta gazteen buruhauste nagusiei erantzuna emateko intentzioaz”.
Egitaraua
Lastailak 30, ostirala
21:00etan Afaria Larrazpin. Ondoren, Tximeleta dokumentala.
Lastailak 31, larunbata
12:30ean Txupinazoa eta ondoren triki-poteoa.
14:00etan Bazkaria.
15:00etan Euskarazko txisteen lehiaketa. ITB.
16:30ean Mus eta partxis txapelketak eta photocall.
18:00etan Txapel jaurtiketa.
18:30ean Herriak Libre kalejira Indarrok elektrotxarangarekin.
22:30ean Kontzertuak frontoian: Itziarren Semeak, Kaotiko, Kalera eta Trikizio.