SEE: “Lehiakorrak izateko zuntz optikoa behar dugu Sakanan”

Guaixe 2015ko urr. 31a, 09:30

Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) zuntz optikoa jartzeko eskatu dio Administrazioari

Komunikazioen kalitatea eta azkartasuna funtsezkoa da enpresen lehiakortasunerako. Hori dio Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE), eta helburu hori lortzeko Sakanan zuntz optikoa ezartzearen alde egin du Sakanako enpresariak biltzen dituen elkarteak. “Enpresen lehiakortasunerako komunikazioen kalitatea faktore funtsezkoenetako bat da gaur egun. Zuntz optikoak abantaila handiagoak ditu kobrezko kablearen bidezko konexioarekin alderatuta. Horregatik, garrantzitsua jotzen dugu Sakanan telekomunikazioen multi-zerbitzu garraioen sarea sortzea, zuntz-optikoaren bidezkoa, aldiberean hainbat datuen transmisioa egiteko gaitasun handiagoa izango duena, azkarragoa izango dena, energia gastu gutxiagoa izango duena eta beste bide tradizionalen ondoan segurtasun gehiago eskainiko duena” adierazi du SEE-k.

Sakana, momentuz kanpo

SEEk prentsa ohar bidez gaineratzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatean zuntz optikoa FTTH metodologiaren bidez ezarri dute, 100-300 Mbps abiadura artean, zuntz optikoa etxeetaraino eramanez. Baina zuntz ezarpen horiek Iruñea eta Iruñea inguruetan ezarri dira batez ere, eta egun Tutera inguruan ari dira jartzen. Lizarran, Aiegin, Villatuertan eta Tafalla eta Erriberrin zuntz optikoa berehala jartzekoak dira ere. “Zuntz optikoaren teknologia Nafarroako hainbat eremutan jartzen ari dira baina Sakana teknologia berri horretatik kanpo dago, epe laburrean behintzat” salatu du SEE-k.

Egoera horren aurrean, SEE Sakanako enpresekin harremanetan jarri da, Internet konexioetarako dituzten beharren eta gabezien berri izateko. “Enpresek argi utzi digute kalitatezko Internet konexioak ez izateak egunerokotasunean arazoak sortzen dizkiela. Konektibitate egokia duten enpresekin alderatuta, hemengo enpresek desabantailak dituztela esan digute, eta horrek sarritan ohiko produkzio prozesuak eta enpresen kudeaketa bera zailtzen eta garestitzen dituela”.

Administrazioari Sakanan zuntz optikoa jartzeko eskaera

“Administrazio publikoek enpresa sare guztiari zerbitzu berberak eskaini behar dizkio baldintza berberetan lehiatu ahal izateko. Ez du zentzurik Nafarroako zenbait eremuko etxebizitzetan zuntz optikoa izatea, beste eremuetan dauden enpresek beharrezkoa duten zerbitzu hori ez dugun bitartean. Horregatik Administrazioari Sakanan zuntz optikoa jartzeko eskaera egin diogu, gure enpresek euren egunerokotasunean gainontzeko enpresek dituzten azpiegitura berberekin lan egiteko aukera izan dezaten” adierazi du SEEk. Elkarteak azpimarratu du telekomunikazioen garapena eta aurrerapena enpresa garapenarekin lotuta daudela, eta horretarako “baldintza minimoak izatea ezinbestekoa dela”.