Gaztetxoen euskararekiko jarrera aztertzeko lana emanda

Guaixe 2015ko aza. 2a, 08:05

Siadeco enpresak Nafarroako Mendialdeko gaztetxoek eta haien gurasoek euskararekiko jarrera ikertuko du. Soziolinguistikako lan horren emaitzak Iparraldeko Euskara Mankomunitateko, Baztango Udaleko, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko, Malerrekako Mankomunitateko eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuei hurrengo urteetarako plangintzak osatzeko baliagarri izanen zaizkie. Lanaren truke enpresak 12.876,03 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu.

Mendialdean 12 eta 16 urte bitarteko gazte eskolatu guztiei (DBHko ikasleak) inkestak eginen dizkiete. Euskararen etxeko erabilera, sare sozialak, hedabideak eta Internet eta bestelako galderak izanen ditu galdetegiak, ikastetxean bertan erantzunen dutena. 1.835 ikasle dira guztira eta haietatik 728 gazte sakandar dira. Emandako lanak ere gaztetxoen gurasoen iritzia jasotzea dakar. Haiekin euskararen erabilera, transmisioa eta beste landuko dituzte. Aurten hasi eta heldu den urtean despeditu beharko da lana.