Saria gizarte zerbitzuen mankomunitatearendako

Guaixe 2015ko urr. 30a, 08:22
Programako protagonistak.

Emakume ijito-portugaldarrendako elikadura eta kirolaren bidez osasuna zaintzeko eta gizarte erlazio positiboak garatzeko programa saritu dute.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Kalitate Sariketako erabiltzaileei arreta mailako saria Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Iruñeko Sei elkarteak (Servicio Socioeducativo Intercultural) partekatu dute aurten. Nafarroako Gobernuak eta Tomas y Lydia Recari Garcia fundazioak ematen dituzte sari horiek eta aurten zortzigarren edizioa izan da. Erabiltzaileei arretan praktika onak txertatu dituzten erakundeen lana aitortu nahi du sariketak.

Burunda mendebaldeko Mankomunitatearen Zaindu ahal izateko gure burua zaintzen ikasten proiektua saritu dute. Emakume ijito-portugaldarrei zuzendutako egitasmo bat da, “gizarte kohesioaren zaindari eta bermatzaile” direlako. Informazio eta prestakuntza bidez emakumeek euren zaintzaz, erlazioez eta jarduerez iritzia izan eta erabakitzea izan dezatela da helburua. Azken batean, bizitza askatasun gehiagorekin kudeatzea. Horretarako, mankomunitatetik higiene eta bizimodu osasuntsuari buruzko (elikadura eta ariketa fisikoa) saioak antolatu dizkiete. Horrekin batera, gizarte erlazio positiboei buruzko tailerrean eta igeriketa tailerrean parte hartu dute.

Saria Nafarroako Jauregian eginen den ekitaldi batean banatuko dute, abenduan. Mankomunitateak 1.500 euro eskuratuko ditu.


Bakarretik komunitatera
Arantxa Erbiti eta Erkuden Imaz izan dira programa garatzen lagun dutenak, “emakume ijito-portugaldarrak izan baitira programako protagonistak, garatu dutenak”. Erbiti eta Imazekin batera osasun zerbitzuetakoak, immigrazio teknikaria, eurekin ari den psikologoa eta kiroldegiko langileak lagundu dute guztia aurrera ateratzen.

Erbitik azaldu digunez, “kolektibo horretako emakumeak gizarteratzeko hasierako pausoak dira programaren bidez eman dituztenak”. Eta, funtsean, osasuna (elikadura eta kirola) eta elkarren arteko erlazioak landu dituztela argitu digute. Imazek esan digunez, “emakume bakarrarekin hasi ginen lantzen irudia eta kirola; osasun etxearekin argaltzeko dieta bat hasi zuen. Pasiatzen hasi zen”. Argaltzen hasi zen eta komunitateko gainontzeko emakumeak konturatu ziren eta nola zen posible azaldu zioten.

Imazek gogoratzen duenez, “haiek beraiek antolatu ziren eta pasiatzen hasi ziren. Konturatu ginen haiek aldaketa baten, kiloak jaistearen premia sumatzen zutela”. Horrek elikadura lantzeko aukera emanen ziela ikusi zuten Erbitik eta Imazek. “Zituzten beharren arabera baliabideak eskaini dizkiegu”.

Programa
Biei esaten zieten: “guk badakigu jaten, baina zerbait dago erabat lodi gaudelako”. Hori eragozteko zer egin zitekeen galdetu zieten eta haiek botatako proposamenei erantzunez joan da programa eratzen. “agian gimnasioa, kirol pixka bat edo pasiatzen hasten bagara” esaten zutela gogoratu dute. “Zuek esan eta antolatzen saiatuko gara” erantzuten zieten. Bitartekari lana hartu duten eurendako Erbitik eta Imazek: “zuek amestu eta gu, ahal dugun neurrian, han egonen gara”.

Lehenik elikadurari buruzko hitzaldi bat antolatu zieten, “zer jaten eta nola prestatzen zuten jakiteko eta menu orekatuak nola egin zitzaketen azaltzeko”. Horri pasioak egitearena lotu zioten. Hurrengo urratsa eta igerilekuan ikastaroa antolatzea izan zen. “Horrekin landu genituen: zer gauza hartu behar diren kontuan, zer materiala eraman behar den, kiroldegiko arauak, higiene arauak. Garbiketaren arloan kontuan izan behar diren hainbat gauza azken finean”, zehaztu digu Erbitik.

Psikologoarekin eta immigrazio teknikariarekin egindako saioak oso politak izan zirela esan digu Erbitik. Gustuko gauzak zein zituzten eta zein ez azaldu behar izan zuten. Horrek haien arteko erlazioak modu positiboan bideratzeko lehen oinarriak jartzeko bidea eman zien. Osasun etxeko profesionalekin lortutakoa ere nabarmendu nahi izan dute. “Genuen ideia proposatu dugun toki guztietan harrera oso ona izan du” azpimarratu du Erbitik. “Haiek ere euren arloan zailtasunak ikusten dituztelako. Denok indarrak batu ditugu. Dena erraztasuna izan da. Eta oso interesgarria”.

Igeriketa ikastaroan 21 emakumek, 19 altsasuarrek eta 3 irurtzundarrek, parte hartu zuten. “Secretariado Gitanon lortutakoarekin harrituta gelditu ziren”. Aurten adineko emakumeekin hitz egin dute, igeriketa ikastaroan izena ematera animatzeko. Lehen ikastaroa bukatu ondoren hiru emakume bazkide egin ziren eta haurrekin joaten direla gaineratu dute.

Balorazioa
Programa pasa den ikasturtean abiarazi zuten eta hau hasiera besterik ez dela ziurtatu digu bikoteak. Ikasturte honetan segida emateko aurreko astean emakumeekin elkartu ziren teknikariak. Balorazioa egitean denak pozik zeudela esan digute. “Bestela etxea gobernatzen daude. Batzuk helduen eskolara joaten dira, beste batzuk jostera. Baina egun guztia etxean sartuta ematen dute, erabat aspertuta” esan digu Imazek. Programaren bidez burua, gorputza, ilusioa, “dena” mugiarazi nahi diete, “hasi mugitzen”.

Imazek ziurtatu duenez, “haiek konturatzen ari dira zerbait aldatu behar dutela”. Eta Erbitik gaineratu du: “garrantzitsuena aldatu dezaketela jabetu direla da. Prozesu horretan daudela uste dut, sinesten dute”. Bestalde, egin dituzten saio guztiak komunitateak eliza gisa erabiltzen duen lokalean izan dira. “Denok hara mugitu garelako, nik uste hobeki hartu gaituztela”, esan du Erbitik.

Espazio berrietarako ateak zabaldu dizkiete, esaterako, kiroldegikoak. Esperientzia ona izatea nahi zuten eta, horregatik, arauak jarraitzeko indarra egin zuten. “Haien poza ikustekoa zen” gogoratu du Erbitik.


Segida
Jasotako aitortza “ardura gehiago” dela dio Imazek. “Orain, derrigorrez, segitu behar dugu”. Programak mugagabe segituko du. Ikasturte berrian, gainera, gizonak batuko dira programara, “eta guk zer? galdetzen zigutelako”. Haien nahiak izanen dira, atzera ere, programazioaren ardatza. Baina emakumezkoekin eta gizonezkoekin talde ezberdinetan lan egin. Bi taldeekin “nahiko antzeko gauzak landuko ditugu” zehaztu du Imazek. Dagoeneko proposamenak egin dizkietela eta oso jarrera ona dutela nabarmendu dute biek.

Bitartekariek diotenez, “ikasi dute beharra dagoela, osasun aldetik ona dela zaintzea”.  Helduekin segituko dute lanean, “horrela lortuko dugu umeak ere hobeki egotea. Azken finean, elikadurarena ere haiekin landuko dutelako”.