Etxarrik lider jarraitzen du eta Lagun Arteak galdu egin zuen Arrotxapearen kontra

Guaixe 2015ko aza. 2a, 11:56
Etxarrik jarraitzen du lider.

Preferente maila. 8. jardunaldia: Etxarri Aranatz 3 – Berriozar 0 / Lagun Artea 1 – Arrotxapea 3

Etxarri Aranatz liderrak goitik behera dominatu zuen Berriozarren kontrako partida. Mikelek sartu zuen lehen gola, eta Xabatek bigarrena. Etxarri jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Alainek bi txartel hori ikusi eta gero, baina etxarriarrek ongi egin zieten aurre egoerari eta joko bikaina egiten eta aukerak sortzen jarraitu zuten. 60. minutuan Xabatek Etxarriren hirugarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen lehia.  

Lakuntzan, aldiz, 1 eta 3 galdu zuen Lagun Arteak sailkapenean bigarrena den Arrotxapearen kontra. Hainbat jokalariren baja zuen Lagun Arteak eta hori asko nabaritu zen. Arrotxapeak bi gol sartu zituen partidaren lehen ordu erdian eta horri buelta ematea zaila egin zitzaion Lakuntzako taldeari. Atsedenaldia baino lehen Berastegik 1 eta 2 hurbiltzea lortu zuen, eta berdintzeko aukera izan zuen Lagunek, une horietan bikain jokatu baitzuten. Bigarren zatian Arrotxapeak hirugarrena sartu zuen, penaltiz, eta horrela bukatu zen partida.

Etxarrik jarraitzen du preferente mailako lider (18 puntu). Arrotxapea bigarrenak puntu berberak ditu. Lagun Artea 9.a da, 10 punturekin. Asteburuan sailkapenean zazpigarrena den Beriainen kontra ariko da Etxarri eta lagun Arteak jaitsiera postutan dagoen Leitzako Aurrera hartuko du.