Suancesen bikain

Guaixe 2015ko aza. 3a, 10:49

Mank-ek eta Barranka Txirrindulari Taldeak Besayako Bide Berdean antolatutako BTT ibilaldia arrakastatsua izan zen oso

Sakanako Mankomunitateak, Barranka Txirrindulari Taldearen laguntzarekin, urriaren 25ean BTT ibilaldia antolatu zuen Suancesen. Zehazki, Suancesetik abiatuta Besayako Bide Berdea osatzea zen erronka (42,5 km), zailtasun ertain-errazeko ibilbidea. Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu digunez, “aspaldiko jendetsuena izan zen ibilaldia, eta oso polita”. Ibilbidea osatu ondoren, txirrindulariek bertan bazkaldu zuten eta arratsaldean itzuli ziren Sakanara.
Suancesekoa Barranka Txirrindulari Taldearekin Mank-ek elkarlanean antolatzen duten urteko lehen irteera izan zen. “Lehen bi izaten ziren, baina aurten maiatzean jarduera berria egin genuen Altsasun, BTT ibilbidea, jolasak eta jostailuen trukea, eta honela jarraitzeko asmoa dugu datorren urtean ere” gaineratu du Gerrikagoitiak.