Urriaren 1ean Nazioarteko Zaharren, adinekoen, Eguna ospatu zen. Ospatu al genuen guk? Sakana aldean egun horretan egin ziren ekintza, aldarrikapen, edo festaren berririk ez dut izan. Ezjakite? Gogo falta? Aldarrikatzekorik ez?
Hedabideetan, aurretik, ez zen egun horri buruz kanpainarik agertu, iragarkirik ere ez, eta badakigu, medio horietan agertzen ez dena ez dela existitzen. Jakin-nahiak eraginda, egun horretako Nafarroako egunkari guztiak begiratu eta batean bakarrik atera zen artikulu bat, zaharrei egokitu behar zaien elikadurari buruz. Interesgarria, baina adinekoei dagozkien inkesta, arazo, bizi baldintza, eskubide eta gabeziei buruz ez nuen ezer aurkitu. Gogoeta eta hausnarketa sakonik ere ez.
Zergatik oihartzun eta interes falta hau? Baztertuak, ahaztuak gaudelako? Gutxi garelako? Errentagarriak ez garelako? Gure behar eta eskubide guztiak lortuak daudelako? Gizarte honetan gure parte-hartzea eskasa delako? Ziur oihartzun falta horren zergatia ez dela bakarra. Gure jarrerak ere bai ote du zer ikusirik?
Bada egun honi inor ohartu gabe pasatzen utzi ez diona. SASOIAk eta Nafarroako zaharren Koordinadora osatzen duten elkarteek, salaketak eta aldarrikapenak uztartu zituzten egun horretarako antolatu zuten ekintzan. Jende mordoa elkartu ginen, Gaztelu Enparantza zeharkatu eta Diputazioaren aurrean kontzentratzeko. Bukaeran, Gizarte Sozialeko kontseilariari eskaera hauek helarazi genizkion: pentsio duinak eta pentsio sistema publikoa; osasungintza publikoa eta zerbitzu onak; dependentzia legeari murrizketarik ez; eta guztioi ordezkatuko gaituen kontseilua.
Biharamunean Nafarroako hedabide guztiek ematen zuten gure ekintzaren berri. Atera ondorioak. Izango da zer lortu dugun galdetuko duenik. Erdarazko esaera zaharra gogoaraziko diot: “El que no llora no mama”.