Aste hauetan barrena Oskorri taldea bere azken emanaldian eskaintzen ari da Pirinioko bi aldeetan. Oskorri izena aditzean nori ez datorkio gogora disko, abesti edo kontzerturen bat. Izan ere talde bilbotarrak ibilbide luzean bi belaunalditako herritarren belarriak eta arimaren zokondoak goxatu ditu galanki.
Europako folk talde handienetako batez ari gara Gwendall, Milladoiro, Kajto edo Henningarnaren parekoa. Geure ondare ezmaterialean zaintzeko eta mirestekorik baditugu hainbat altxor eta horietako bat zalantzarik gabe Oskorriren emaria da.
Profesionaltasun ikaragarriz eta talentu mugagabeaz horniturik herri musikaren zoragarria goreneko koxketera ekarri zuten hango eta hemengo, aspaldiko eta osagai modernoak gehituz. Sonoritate bikainenaz gain, hitzen aukeraketan ere asegaitz jardun dira etengabean. Batez ere Aresti daukagu Oskorrirenean baina baita ere Bernat Etxepare, Amuritza, Itxaro, Sarri edo Jon Sarasuaren poema zinez ederrak.
Arimaren aldarte ezberdinak ukitzen ditu haren kantu-sorta zabalak: sentimenduen hunkidura, abesti jostari eta dantzagarriak, doluzkoak, irrigarriak, amodiozkoak, salaketazkoak... Soka meheko ibilbide gorabeheratsuan ez dira beti denen gustuko suertatu eta tarteka kutsu kritiko eta ozpina nabarmendu dute.
Nik neronek In Fraganti, Badok hamairu eta Landalan diskoak aipatuko nituzke kuttunentzat eta Lizarran Oinez batean eta Burunda pilotalekuan eskani kontzertu bana ez ditut ahaztekoak.
Oskorri badoa baina talde handiak bezalaxe ez erabat, haren abestiak gure baitan, gurekin batera batetik bestera eramanen ditugu denboraren joanean.
Oskorri berrien zain bejondeiela, bejondeigula.