Alkateek Nafarroako Gobernuari SPE aurrera eramateko inplikazioa eskatu diote

Guaixe 2015ko aza. 6a, 08:39
Sakanako Plan Estrategikoa aurkezteko bilera bat baino gehiago egin izan dituzte parlamentuan.

Sakanan adostutako ekintzak aurrera eramateko beharrezko diren baldintza eta baliabide ekonomikoen inguruko gaiak adosteko ibarreko ordezkariekin bildu dadila eskatu diote.

Sakanako 2020 Plan Estrategikoa (SPE) ibarreko eragileen babes zabal eta oniritziarekin onartu zen 2014ko maiatzean. Plan estrategikoak lau arlotan aurrera eraman beharreko ekintzak zehaztu zituen. Haiek aurrera eramateko Nafarroako Gobernuaren, Sakanako eta herrialdeko eragileen arteko elkarlana ezinbestekoa jo zen. Hala, aurtengo ilbeltzaren 13an Nafarroako Parlamentuak Sakanan egindako lana eta ahalegina aitortu zuen. Eta, aldi berean, Nafarroako Gobernuari eskatu zion adostasunaren bidetik SPE diruz eta giza baliabideez hornitzeko.  

Aurreko legegintzaldian Sakanako ordezkariak Lourdes Goikoetxea lehendakari-ordearekin elkartu ziren. SPE aurrera eramateko sei urteetan 6 milioi euro jartzeko eskatu zioten. Goikoetxeak berak ontzat eta beharrezkotzat jo zuen SPE eta hura garatzeko Nafarroako Gobernuaren eta Sakanako Mankomunitatearen arteko hitzarmena sinatzeko prest azaldu zen.

Gobernu aldaketa
Ibarreko alkate guztiak eta Sakanako Mankomunitateko presidenteak Nafarroako agintari berriei idatzia bidali diete. Han plan estrategikoa gauzatzeko baliabidez hornitzea eskatu diote. Ekintzak aurrera eramateko beharrezko diren baldintza eta baliabide ekonomikoen inguruko gaiak adosteko Nafarroako Gobernuari Sakanak horretarako izendatu dituen ordezkariekin bildu dadila eskatu diote ere. Ordezkaritza hori osatzen dute: Aitor Karasatorrek (Mank-eko presidentea), Javier Ollok (Altsasuko alkatea), Jose Julian Garziandiak (enpresen ordezkaria), Joseba Garmendiak (Sakantzen Sarea) eta teknikari batek.

Sakanako ordezkariek ziurtatu dutenez, “Plan Estrategiko hau gauzatzea, garapen bide eraginkorra denez, aukera da bai sakandarrendako eta enpresendako, bai Nafarroa osoarendako ere”. Gogoratu dutenez, “Sakanan bizi dugun egoeraren larriak eta gure herri eta eskualdearekiko konpromisoak, legez ez dagozkigun eskumenak, horien artean Garapen ekonomikoaren sustapena , gure gain hartu eta lantzera ekarri gaitu”. Baina berretsi dute ezinbestekoa jotzen dutela Nafarroako Gobernuaren partehartze aktiboa.

Alkateek eta Mank-eko presidenteak azpimarratu dutenez, “Nafarroako Gobernuaren eskumena da Garapen Ekonomikorako politikak aurrera eramateko baliabide eta baldintzak erraztea. Nafarroako Gobernua elkarlan dinamika horretan sartzea ezinbestekoa da SPE bere osotasunean garatu ahal izateko, Sakanak ez bai du baliabide nahikorik bere kabuz ibilbide osoa egiteko”. Sakanak bere etxeko lanak eginak dituela nabarmendu dute.