Sustapen Ministerioko Tren Planifikazio Idazkariordetza Nagusia Kantauriko eta Mediterraneoko tren azkarreko korridoreak lotzeko proiektua esku artean du. Iruñea eta Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) lotzeko dagoeneko aski ezagunak diren lau lotura alternatiba proposamen darabil esku artean eta denek Sakana ukitzen dute. Lanak egin aurretik lau aukera zabal horien Ingurumen Inpaktu Azterketa (IIA) egin beharra dago.
Azterketa hori egiteko, ordea, proiektuek ukitutako administrazioek eta eragileek zehaztasun maila finkatu behar dute. Horregatik, Ingurumen Ebaluazioko Zuzendariorde Francisco Muñoz Garciak jakinarazi die IIA zehazteko kontsulta epea abenduaren 2ra arte zabalik dagoela eta bitarte horretan nahi dituzten ekarpenak egin ditzaketela. Sustatzaileari kontuan har ditzakeen ibilbide aukera berriak, informazioak edo araudiak jakinarazi diezaiokete.
Ezaugarriak
Tren azpiegituraren ibilbide posibleak eta ingurumenean izan ditzakeen ingurumen inpaktu nagusiak biltzen dituen txostena jaso dute administrazioek eta eragileek. Txostengileek argi azaldu dute ez direla behin betiko alternatibak, baina linea berriak liratekeela dio.
Hala ere, proiektuak izan beharreko ezaugarriak zerrendatu ditu: “hasiera batean” trafiko mistorako diseinatuko da; Europako estandarrak betetzeko baldintza jakin batzuk izanen ditu eta linea berriaren “azken irudia” elektrifikatutako trenbide bikoitza izanen da, gehienez 250 km/o (trenbide bikoitzen ardatz artekoa 4,7 metrokoa da eta plataformaren zabalera 14 m-koa).
Hala ere, txostengileak jakinarazi du gaur egun dauden trenbideak bikoiztea eta zenbait tarteetan trenbidean 3. erraila jartzea aurreikusten dela, “tarteko etapa edo behin-behinean”. Trenbidearen elektrifikazioari dagokionez, jakinarazi du 25.000 kV-eko bi sare liratekeela.
Txostengileen iritziz korridore proposamenak ingurumen aldetik bideragarriak dira, “baina haien barruko trenbide ibilbideak inpaktu handiak eragozteko doitu eginen dira”. Lanak egiten diren bitartean ingurumen inpaktu nabarmenenak gertatuko liratekeela aipatu dute txostengileek. Behin trenbidea eginda eta erabiltzean zeharka babestutako eremuei eraginen liekeela paisaia eta soinu kostuengatik. Eta zuzenean, gertuen daudenek soinua entzunen lukete, paisaia balioei eraginen lieke eta haiekin lotura duten jarduerei ere. Animaliak batetik bestera pasatzeko pasabideak eskatzen dituzte.
Lau alternatiba.
Aldaba herriaren hegoaldean abiatzen dira proposatutako lau korridoreak. Guztiek ere EAEko AHT linearekin toki ezberdinetan dute lotuko lirateke. Korridore proposamen batek bestea baztertzen du, nahiz eta denek hasieran ibilbide bera izan.
F korridorea
Oskiatik tunel bidez Sakanan sartu eta Irurtzun parean mendebalderantz biratuko litzateke trenbidea. Ihabar parean trenbideak Aralarrerantz joko luke eta tunel baten bidez Betelurekin lotuko litzateke Tolosan bukatzeko. Korridore horretan gutxi gora behera ibilbidearen %54 tunela litzateke.
Ingurumen eraginak
Arakil ibaian, Babes Bereziko Ibai-Gune izendapena du. Horregatik, zubi luzeak egitea proposatzen da, ibai ertza ez ukitzeko. Ibai inguruan egin beharreko lanek bere berreskurapena luzatuko lukeela aitortzen du ere. Trenbideak fauna alde batetik bestera pasatzea eragotziko luke.
E korridorea
Arakilen F korridorea bezala sartuko litzateke eta Etxarri Aranatzeraino joko luke, Lizarrustirantz. Tunel baten bidez Ataunekin bat eginen luke Zaldibian bukatzeko. Korridore honen ibilbidearen %46 tunela litzateke.
Ingurumen eraginak
Arakil ibaian, Babes Bereziko Ibai-Gune izendapena du. Fauna alde batetik bestera mugitzeko trabak lituzke. Uharte eta Lakuntza bitartean animaliendako Aralar eta Urbasa artean lotura bermatu beharko litzateke.
H korridorea
Korridorearen sarrera F eta E korridoreetako bera litzateke. Trenbidea Etxarriraino iritsiko litzateke eta Ipar mendebalderantz joko luke, ibaitik baztertuz. Altsasu eta Olaberria tunel bidez lotuko lituzke Lazkaon bukatzeko. EAEko hiru hiriburuekin lotzeko adarrak sortu beharko lirateke Goierrin. Korridorearen ibilbidearen %57 gutxi gorabehera tunel bidez eginen litzateke.
Ingurumen eraginak
E korridoreko berak.
V korridorea
Trenbideak Sakana mutur batetik bestera zeharkatuko luke, Oskitik Ziordira, Gasteizen bukatzeko. Korridore honetan ibilbidearen %6 besterik ez lirateke tunelak.
Ingurumen eraginak
Aurrekoei gehitzen zaie Etxarri eta Bakaiku artean animaliek Aralardik Urbasara pasatzeko luketen arazoa eta Arabako mugan Altzaniatik Urbasara pasatzeko luketena. Goiko edo beheko pasak egitea proposatzen dute. Baita Sakanako Autobiako kudeatzailearekin harremanetan jartzea animaliek hura zeharkatzen duten edo harrapatzen dituzten jakiteko. Arakilgo Babes Bereziko Eremua kaltetu lezake, baita bisoi europarraren intereseko gunea. Txostengilearen oharrak: Burundan trenbidea ibarraren sakonetik eramatea aholkatu du eta burundarrek basoarekin duten harreman estuaz ere gaztigatu du.
Proiektuak ukitutako udalerriak
Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia
Sakanako tren trafiko
Ibarrean dugun tren trafiko maiztasuna bi ibilbideei dagokie. Madrildik Irunerako norabidean egunero 37 tren pasatzen dira Burundatik. Iruñea eta Altsasuren artean, berriz, 23 tren dabiltza egunero. Lehenengoa trenbide bikoitza da eta bigarrena trenbide bakarra. Beraz, azken horrek trafiko gehiago du. Bietan ere tren zerbitzu motak orekatuak dira. Burundatik distantzia luzeko tren gehiago pasatzen dira gaur egun eta merkantzia garraio gehiago zeharkatzen dute Sakana.
Asteko bataz besteko tren garraioa Sakanan
Zatia Distantzia luzea Distantzia ertaina Merkantziak Besteak Guztira
Altsasuko bide gurutzea-Altsasu geltokia 83 42 60 7 192
Altsasuko bide gurutzea-Altsasu herria 14 40 10 0 64
Altsasu geltokia- Altsasuko bide gurutzea 34 1 57 3 95
Altsasuko bide gurutzea-Iruñea 48 42 67 4 161
Altsasu geltokia-Zegama/Otzaurte 116 42 109 6 273
Testuingurua
Sustapen Ministerioaren 2005-2020 Azpiegitura eta Garraio Plan Estrategikoak tren bidezko garraiorako irizpide nagusiak markatu ditu. Abiadura handiko tren garraio mistoa aurreikusten du, bidaiariendako eta merkantziendako. Planean jasotzen den zeharkako ardatzetako bat Prestazio Altuko Kantauri-Mediterraneoko Korridorea da. Garraio mistorako aurreikusia Mediterraneoa eta Kantauri itsasoa Teruel, Ebroko ardatza, Errioxa, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) bidez lotzea aurreikusten du.
Korridore horretarako lau helburu markatu dituzte orain. Lehenik, merkantziak garraiatzeko aukera izan dadin ezaugarriak zehartu nahi dituzte. Bestetik, korridore guztian eta bere zatietan ibilbideen abiadura handitzea bidaia denbora lehiakorrak lortzeko. Aldi berean, korridorea lehiakorra izateko berau osatzen duten zatietan ibilbide eta azpiegituretan parametro berak erabiltzea eta egungo tren sarearen erradialtasunarekin hausteko. Azkenik, ingurumen eragina murriztea.