Patata Operazioa berriro martxan jarriko dute Alegria de Iruñako peñako kideak. Igandean izanen da. 9:15 aldera Urdiainen abiatuko dute patata bilketa eta Satrustegi bitartean ariko dira horretan. Herriz herriko ibilbidean iritsi direla jakinarazteko megafono bidez Patata Operazioa behin eta berriz errepikatuko dute. Bozina joz ere arituko dira euren burua nabarmendu eta sakandarrek patatak eman diezaiegun. Patatekin batera, aurten ere ziurrenik alubiak, kalabazak, tipulak edo dirua ere jasoko dutela. Guztia Iruñeko Hermanitas de los Pobres-en egoitzarendako izanen da. Emaileek kongregazioaren egutegi bat jasoko dute haien esker onez.
Iruindarrak ekimenarekin hasi zirenean aldi berean bi ibilbide egiten zituzten: Sakanakoa eta Artzibar eta Erroibarkoa. Azken bide hori egiteari aspaldi utzi zioten. Aurtengoa 53. aldia da Patata Operazioa egiten dena.