51. Behobia-Donostiarako dena prest

Guaixe 2015ko aza. 6a, 09:10

Igandean proba osatzeko 33.948 korrikalari daude izena emanda

Donostiako Fortuna Kirol Klubak igandeko 51. Behobia-Donostiarako (20 km) dena prest dauka. Korrikalariek opari jasoko duten kamisetak 51 zifrarekin irudikatutako bihotza eta “BehobiaSS helmugarik gabeko sentimendua” leloa dauzka. Asteartean prentsaurrekoa eman zuten antolatzaileek, iganderako nondik norakoen berri emateko. Adierazi zutenez, 33.948 korrikalari daude izena emanda, aurreko urtean baino 4.000 gehiago. Emakumeen parte hartzearen igoera nabarmendu nahi izan zuten. “%22,69koa da, duela gutxi pentsaezina zen kopurua. Espero dezagun kopuru horrek ere gora egitea”.

2014an 96 sakandar
Parte-hartzaile gehienak euskaldunak dira gehienak, baina katalanak (5.400) eta madrildarrak (3.130) asko dira, eta baita espainiar eta frantziar estatuetako beste herrietatik etorritako korrikalariak ere. Jakina, tartean izanen ditugu sakandarrak. Aurreko urtean 96 sakandarrek osatu zuten lasterketa, eta ikusi behar aurten zenbat animatzen diren lasterketa erraldoi honetan parte hartzera.

Ibilbidean barne, 8 musika puntu egonen dira eta lasterketa jarraitzeko pantaila erraldoiak ere. Ibilbide guztian barna osasun-zerbitzu zabala egonen da lanean, gerta daitezkeen ezbeharrak atenditzeko. Sari ematea Boulevardeko kioskoan eginen da. Iganderako beroa iragarri dute, 19 eta 24 gradu arteko tenperaturak, eta “behar beste hidratatzeko eta zentzuz korrika egiteko” deia egin dute antolatzaileek.

Ordutegia
Larunbatean
15:00etan: Behobia Txikia (Estadioan).
Igandean
9:30ean: Handbikeak eta gurpildun aulkiak (48)
9:35ean: Irristalariak (233 irristalari)
9:30ean: Gazte lasterketa (Herreratik, 4,4 km-ko proba, 220 gazte)
10:00etan: Behobia-Donostia lasterketa (19 irteera mailakatu, azkena 11:35ean)
*Ostiralean (12:00etatik 21:00etara) eta larunbatean (10:00etatik 20:00etara) Korrikalarien Feria izanen da Anoeta Belodromoan.