Lagun Arteak irabazi eta Etxarrik lidergoa galdu

Guaixe 2015ko aza. 9a, 10:01
Lagun Arteak 3 puntu oso baliotsu lortu zituen.

Preferente maila. 9. jardunaldia: Beriain 2 – Etxarri 1 / Lagun Artea 3 – Aurrera KE

Etxarri Aranatzek lidergoa galdu du Beriainen kontra 2 eta 1 galdu ondoren. Partida oso lehiatuan, Beriainek hainbat gol aukera sortu zituen eta 15. minutuan Otanok Beriainen aldeko lehen gola sartu zuen. Beriainek dominatu zuen eta 30. minutuan bigarren gola sartu zuen, penaltiz. Atsedenaldia baino lehen Xabatek gola sartu zuen eta Etxarri markagailuan gerturatu zen. Bigarren zatian gol aukerak sortu zituzten bi taldeek, baina ez zuten asmatu.

Lagun Arteak, bestalde, 3 eta 1 irabazi zion Leitzako Aurrera Kirol Elkarteari, Zelai Berrin jokatutako lehian. Lagun Artea partida irabaztera atera zen eta 15 minuturako 2 eta 0 aurreratu zen, Asierrek eta Josebak sartutako golei esker. 31. minutuan Laguneko Orrio atezainari penaltia seinaleztatu zion arbitroak eta 2 eta 1 hurbildu zen aurrera. Lagun jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, baina atsedenaldiaren ondoren Josebak Lagunen aldeko hirugarren gola sartu zuen. Aurrerak gola sartzeko sekulako aukera izan zuen, baina zurtoinera joan zen jaurtiketa. Horrela, 3 eta 1 irabazita, hiru puntuak Lakuntzan geratu ziren.

Arrotxapea da preferente mailako lider berria (19 puntu), Etxarri bigarrenari puntu bat aterata (18 puntu). Lagun Artea 7. postura igo da (13 puntu). Asteburuan Etxarri Aranatzek sailkapenean 13.a den San Jorge hartuko du, eta 11. postuan dagoen Urroztarraren kontra ariko da Lagun Artea.