Nafarroako Gobernuak larrialdietarako diru-laguntza bereziak atera berri ditu, orain hasi eta abendurako izango direnak. Gizarte Zerbitzuen bidez kudeatuko diren diru-laguntza hauek diru kopuru jakin bat egokituta dute eta kopuru honek zonalde bakoitzeko egoera sozio-ekonomikoarekin harreman zuzena dauka.
Egoera sozio-ekonomikoa bata edo bestea izateko, biztanleen kopurua, langabetuen portzentajea eta zonaldean eskatutako Gizarteratzeko Errenta kopurua kontuan hartzen dira.
Zein kontzeptutarako dira diru-laguntza hauek?
Etxebizitzaren gastu puntuala, argindarra edota gasaren momentuko zorra, gaixotasun baten ondorioz gerta daitekeen bat bateko diru beharra, janariak erosteko beharra, hezkuntzarako edota gizarteratzeko prozesu batean ezinbestekoa den diru-sarrera, eta orokorrean momentuko oinarrizko beharrak betetzeko.
Nortzuk jaso ditzakete diru-laguntza hauek?
18 urte baino gehiago dutenek, Gizarte Zerbitzuko eskualdeko herriren batean erroldaturik daudenek, Lanbide arteko gutxieneko soldataren 2,5 baino gutxiago daukatenek, familia unitatean eta bat bateko eta nahigabeko beharra dutenek eta bat bateko ezusteko larrialdi egoera bat jasan dutenek.
Diru-laguntza hauek jasotzeko Gizarte Zerbitzuetako balorazio txostena behar da eta ondoren diru-laguntza honen jarraipena egingo da. Familia unitate bakoitzaren urteko gehiengo kopurua 3.000 eurokoa izango da kontzeptu guztiengatik.
Diru-laguntza hauen inguruan gogoeta bat egitea ezinbestekoa da: larrialdietarako diru-laguntzak gizarte zerbitzuen filosofiarekin bat datoz? Politika sozial oso eta eraginkor baten parte dira? Edo karitateari lotuta daude?
Denetarako iritziak badaude ere, egia da, gaur egun, krisiak eragindako egoera ekonomiko ahul honek batzuetan egoera familiar jasangaitz batzuk azaleratzen dituela. Eta larrialdietarako diru honek lagundu ahal duela egoera puntual batean okerrera ez joateko eta egoerari buelta eman ahal izateko, beti ere, gizarteratze prozesu baten barruan eta momentukoa dela oso argi izanda.