Azaroko 27, 28 eta 29an eginen da Montcada i Reixac-en (Bartzelona) zementu-fabriketan erraustearen aurkako nazioarteko urteroko topaketa. Europatik, Afrikatik, Amerikatik eta Asiatik etorritako erakundeek parte hartuko dute eta, hondakinak errausteko, energia balioztatzeko planten (errauskailuak) ordez zementu-fabriken labeak erabiltzeak dakartzan ondorioak aztertuko dituzte. Azken helburu bezala zero zaborren aldeko eta errausketaren aurkako sare globala finkatzea dute.
Gure adiskide kataluniarrek programatutako txostenen maila bikainaz gain, informazio eta esperientzia trukaketa da garrantzitsuena. Topaketa hauek argi utziko dute, beste behin, gure elkartasun sareak zementugile eta errausketa zaleen atzaparretatik salbu daudela eta engainatzeko eta osteko dituzten sare indartsuak erabili arren, ezingo dituztela sekula beraien nahierara erabili.
Zementu-fabriketan erraustearen ondorioak jasaten dituzten gizataldeen eta multinazionalen interes handien artean ematen den parekotasunik gabeko borroka honetan, noizbehinka ingurumen-suntsitzaile hauen eskrupulu eza eta ase ezintasuna agerian uzten duen argi izpiren bat agertzen da. Beste behin esango dugu horiendako ez dagoela ezer etekin handiagoa lortzeko beraien lehentasuna zalantzan jarriko duenik, ez ingurumena, ez herritarron osasuna ere.
Honen harira, Portlandek egindako iruzur ezaguna aipa dezakegu, gu denok lapurtzeko, merkatuak banatzeko eta salneurriak adosteko kartelak sortu izana, alegia. Eta are argiagoa da pil-pilean dagoen Volkswagen afera, bere ibilgailuek isurtzen dituzten kutsatzaileen kontroletan lotsagabeki iruzur egin eta bere burua agerian penagarri utzi duena.
Eta hori ikusita, geure buruari galdera hau egin eta zalantza handiak sortzen zaizkigula ezin uka. Volkswagen halako zerbait egiteko gai bada, Portlandek isurtzen dituen eta guk jasaten ditugun kutsatzaileak benetan aitortzen dituenak al dira?