29. Nafarroako Kirol Jokoak, ofizialki mustuta

Guaixe 2015ko aza. 10a, 13:06

Larunbatean burutu zen ekitaldia, Larrabiden Kultura Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari Ruben Goñi bertan zirela

Irailean abiatu ziren 29. Nafarroako Kirol Jokoak, baina denboraldiaren mustutze ofiziala larunbatean egin zen, Larrabide estadioan. Ekitaldian Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari Ruben Goñi eta Kiroletako zuzendariorde Primitivo Sanchez izan ziren. Larrabideko estadioan aldi berean jokatutako hiru saskibaloi partiden hasierako jauzian baloia jaurti zuten Herrerak, Goñik eta Sanchezek.

29. Nafar Kirol Jokoak 2015eko irailaren 1etik 2016ko urriaren 30era bitartean burutuko dira, eta egutegia kirol-modalitate bakoitzaren ezaugarri eta datei egokituko da. Nafarroako Gobernuak 1.150.000 euroko inbertsioa egingo du aurtengo ediziorako. Zenbateko horrekin taldeen joan-etorriak, lehiaketen antolaketa, parte-hartzaileen mediku-aseguruak, garaikurrak, dominak eta beste ordainduko dira. Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren ardura da, eta Institutuak antolaketa orokorra Nafarroako kirol-federazioei eskuordetzen dio.

33 modalitate
Jokoetan 33 modalitate daude: urpeko ekintzak, xakea, atletismoa, badmintona, saskibaloia, eskubaloia, beisbola, txirrindularitza (BTT, errepidea eta pista), Kirol Egokituak, neguko kirolak (iraupen-eskia), mendiko kirolak eta eskalada (orientazioa, araututako ibilaldiak eta eskalada), eskrima, futbola (zelaikoa, areto futbola eta emakumeen futbol 8), gimnastika, golfa, herri kirolak, hipika, judo, karatea, igeriketa (igeriketa, waterpoloa eta igeriketa sinkronizatua), padela, irristaketa (abiadura eta hockeya), pilota (Esku-pilota, zesta punta, erremontea, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza eta trinketea), piraguismoa, arraunketa, errugbia, taekwondoa, tenisa, mahai tenisa, arku tiroa, triatloia (triatloia eta duatloia), bela eta boleibola.

Nafar Kirol Jokoetan benjamin mailatik jubenilen mailara arteko kirolari nafarrek parte har dezakete. Iazko edizioan 22.500 parte-hartzaile izan ziren.