Eneko Aramendia eta Odei Juango Rural Kutxako sakandarrak

Guaixe 2015ko aza. 12a, 10:32

Eneko Aramendia.

Rural Kutxa-Seguros RGA talde kontinental profesionala eta talde amateurra Tuteran kontzentratuta egon dira

Rural Kutxa-Seguros RGA talde kontinental profesionalak 2016 denboraldia prestatzeko kontzentrazioa egin zuen ostegunetik larunbatera bitartean Tuteran, Bed4U hotelean. Rural Kutxako talde amateur edo afizionatutako txirrindulariak ere kontzentrazio berean egon ziren.

Talde kontinentaleko Juanma Hernandez manager altsasuarrak adierazi duenez, egun 20 txirrindulari ditu plantillak, baina plantilla itxi gabe dago. Alberto Gallego, Diego Rubio, Domingo Gonçalves eta Rural Kutxa afizionatuen taldetik igo diren Jonathan Lastra eta Jaime Roson dira txirrindulari berriak. Pello Bilbao, Carlos Barbero, Hugh Carthy, Migel Angel Benito, Hector Saez, David Arroyo, Fabricio Ferrari, Lluis Mas, Jose Gonçalves, Eduard Prades, Angel Madrao, Ricardo Vilela, Javier Aramendia, Sergio Pardilla eta Antonio Molinak jarraitzen dute eta Francesco Lascak jarraituko duen zalantzan dago. Aurreko urtean taldeko 8 jokalarik 17 garaipen lortu zituen taldeak eta balorazio bikaina egin du Hernandezek. “Urtetik urtera pausuak ematen ari gara. 2016an garaipen berberak lortzen saiatuko gara, eta Euskal Herriko Itzulian edo Espainiako Itzulian garaipenen bat lortzea pastelaren ginda litzateke. Amesten jarraituko dugu…” azaldu du Hernandezek. Ildo honetan, Giroko antolakuntzarekin bilera bat izanen dute Rural Kutxa-Seguros RGA taldekoek. Gonbidapen bat lortzeko esperantzarekin doa Hernandez. “Orain arte dossier bat eskatzen ziguten eta kitto. Baina aurten bilera baterako deitu digute. Giroan aritzeko 5 gonbidapen daude eta badirudi Southeast, Androni eta Bardiani taldeek gonbidapen ziurra dutela. Beste bi gonbidapen daude jokoan eta ea horietako bat guretako den” gaineratu du managerrak.

Aramendia Rural Kutxa afizionatuetara
Tuterako kontzentrazio berberean Rural Kutxa talde afizionatu edo amateur sakandarreko txirrindulariak egon ziren. Taldeak hainbat fitxaje berri ditu, Euskadi Fundazioko Jon Irisarri tartean. Ampotik Ander Alonso dator, Infisport taldetik Sergio Rodrigez eta horretaz gain, Aitor Rodriguez eta Burunda Txirrindularitza Klubetik Rural Kutxara salto egin duen Eneko Aramendia iturmendiarra iritsi dira taldera. Migel Indurainek, Josu Zabalak, Iker Azkaratek eta Odei Juango lakuntzarrak taldean jarraituko dute, eta horiekin batera Antonio Potelak, Alain Santamariak, Xavi Canellasek, Manuel Solak, David Seagek, Erlend Sortek, Isaac Cardonek, Carlos Cobok, Pablo Benitok, Bryan Carrok, Pablo Alonsok, Jacobo Uchak eta George Jarik osatzen dute taldea.

Movistar Team Castillo de Gorraizen
Astelehenetik kontzentratuta dago Movistar Team taldea, Olatz herriko Castillo de Gorraiz hotelean, denboraldi berria prestatzen. Tartean dago Hiriberriko Imanol Erbiti txirrindularia eta, jakina, Uharte Arakilgo Jose Luis Arrieta Movistarreko zuzendaria.