Binakakoan aritzea konplikatu zaie Zubietari eta Zabaletari

Guaixe 2015ko aza. 11a, 09:15

Zubieta eta Zabaleta, aurreko urteko Binakakoan, euren bikoteekin.

Aitor Zubietak min hartu du eta Zabaleta oraindik ez da guztiz osatu

Binakako txapelketa abenduaren 6an hasiko da eta Aspek zailtasunak ditu bere atzelariekin txapelketa garrantzitsu horretara begira. Aitor Zubieta duela bi aste lesionatu egin zen Atano III.ean. Etxarriarra tratamendua hartzen ari da, baina hiruzpalau aste beharko ditu ezkerreko orpazurda sendatzeko. Bi aste barru beste proba batzuk egingo dizkiote eta orduan argiago izango du etxarriarrak Binakakoa jokatzeko moduan egongo den ala ez.

Zabaleta zalantzan
Jose Javier Zabaleta atzelariari ekainaren 4an ebakuntza egin behar izan zioten eskuin hankako txorkatilako tendoian kaltzifikazio bat zuelako. Osatze eta errehabilitazio prozesua ongi doa, eta aurreikusten zen Etxarrengoa Binakakorako prest egongo zela, baina Zabaletak ere aste batzuk beharko ditu oraindik guztiz osatzeko.
Aurreko urtean Aspek atzelari guztiak sasoi betean zituen eta Aitor Zubieta Asegarceri utzi zion, Binakakoan Berasaluzerekin bikotea osatuta aritzeko. Aurten, aldiz, Aspek arazoak ditu atzelariekin. Litekeena da Eibarko enpresak txapelketa ordezko atzelariekin hastea.