40 urdaiazpiko jokoan

Guaixe 2015ko aza. 11a, 11:45
Mari Cruz Araña etxarriarrak lastailean zozketatutako telebista atzo jaso zuen.

Eta bat zurea izan daiteke azaroan Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko establezimenduetan erosiz gero.

Hemen da Azarokotea, Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak sustatzen duen kanpaina. Ibone Prieto Gorospe elkarteko kideak esan digunez, gaurtik hilaren 30era bitartean elkarteko kide diren 47 establezimenduetan erosketa egite hutsarekin 40 urdaiazpikoren zozketan sartuko dira bezeroak. Horretarako erosketa egin ondoren euren datuekin eta harremanetarako telefonoarekin txartela bete beharko dute. 40 urdaiazpikoak abenduaren 9an zozketatuko dituzte.

Azarokotearen helburua sakandarrak eguberri aurreko erosketak ibarrean bertan egitera animatzea da. Prietok nabarmendu duenez, “Sakanan merkataritza eskaintza anitza eta kalitatezkoa dago. Ez dago aitzakiarik bertan ez erosteko”. Ibarrean erosketak eginez Sakanako ekonomia bera biziberritu eta herriak bizirik mantentzen laguntzen dela ere gogorarazi du Prietok. Aldi berean, oraindik elkarteko kide ez diren dendari, ostalari eta zerbitzuak eskaintzen dituztenei kide egiteko deia egin die Prietok: “zenbat eta gehiago izan, denen arten indar gehiago egin dezakegu, bultzada handiagoa eman eta jendearendako ikusgarriagoak izan gaitezke”.  

Telebista Etxarrira
Elkarteko kide diren establezimenduetan lastailean erosketa egiten zuten guztien artean 32 hazbeteko telebista bat zozketatu zuten eta saritua Mari Cruz Araña etxarriarra izan zen. Asteartean jaso zuen saria, Utzugane, Sakanako garapen zentroan.

Iragarkia
Nafarroako Gobernuak herrietako dendetan erostearen alde egiten duen iragarkia heldu den ostegunean aurkeztuko du Iruñean. Aurreko asteartean grabatu zuten Tafallan eta Altsasun.