Plan estrategikoaren negoziazioei buruz hausnartzeko batzar irekia

Guaixe 2015ko aza. 11a, 12:02

Ostiralean, 18:30ean Sakanako Mankomunitateak Lakuntzan duen egoitzan.

Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak, Bidelagun Sakanako Turismo Elkarteak eta Sakantzen Sareak ibarreko gizarteari batzar irekirako deia egin diete, ostiralerako. Sakanako 2020 Plan Estrategikoa (SPE) garatzeko diruz hornitu beharra dago eta aipatu hiru eragileek Nafarroako Gobernuarekin ireki beharreko negoziazioaren inguruan kezka dute.

Hiru erakundetako ordezkarien ustez, Nafarroako Gobernuak SPErekiko “apustu sendoa egiteko unea dela pentsatzen dugu, azken urteotako esfortzuak eta sortutako oinarriak alferrik galdu ez daitezen”. Euren iritziz, “gizarteak gai garrantzitsu horren inguruan hausnartu eta paper aktiboa izan behar du. Horregatik, aipaturiko batzarrean parte-hartzeko gonbita luzatzen dugu”.

Planaz
Sakana 2020 Plan Estrategikoa eragile ugariren lanaren emaitza da, eta ibarreko udaletako alderdi politiko guztiek adostua izan da. “Krisiaren eraginak konpontzeko ibilbidea erakusten du eta tresna ezinbestekoa da. Horrela aitortu zuen Nafarroako Parlamentuak, ilbeltzean, babesa eskainiz mozioa onartu zuenean, eta Nafar Gobernuari beharrezko baliabideak bidera ditzan eskatuz”. Batzar irekiaren deitzaileek gogoratu dutenez Lourdes Goikoetxeak, aurreko ekonomiako kontseilariak berak, plana laguntzeko Sakanako Mankomunitatearekin hitzarmena bideragarria zela baieztatu zuen.