Patata Operazioa, gauzatua

Guaixe 2015ko aza. 11a, 15:46

Iruñeko Hermanitas de los Pobres mojek eta haien adinduen egoitzako 70 pertsonek sakandarrek emandakoarekin prestatutako jakiak dastatuko dituzte luzez. Patata Operazioak horretarako aukera emanen die. 53. urtez Alegria de Iruñako peñako kideek Urdiain eta Satrustegi arteko bidea egin zuten, Iruñeko egoitzarako jakiak biltzen.

Peñako 17 kidek parte hartu zuten, 12 eta 77 urte artekoak. Pozik zeuden, eguraldiak eta sakandarrek eskuzabaltasunez lagundu zutelako. 5.000 kilo patata jaso zituzten, pasa den urtekoaren bikoitza. Baita kuiak, kuiatxoak, alubiak, sagarrak, intxaurrak eta 508 euro ere. Unanu ez da iruindarren ibilbidean sartzen baina sei patata zaku zituztela esanez deitu zituzten. Peñakideek heldu den urterako kontuan izanen dituztela jakinarazi digute.

Uharte Arakilgo jubilatu elkartekoak bigarren urtez bilketaz haiek arduratu ziren eta 1.700 kilo inguru eta 110 euro jaso zituzten, peñako kideak etorri zirenerako udaletxe ondoan pilatuta zutenak. Haien lana errazteagatik, iruindarrek, elkartearen eta Eduardo Gonzaloren ekimena eskertu nahi izan dute. Peñako kideek jakinarazi digutenez, mojak “oso pozik” geratu ziren.