Biurdana institutuko masifikazioari irtenbidea emateko institutu berria egitea eskatu diote, beste behin, Nafarroako Gobernuari

Guaixe 2015ko aza. 13a, 13:05

Biurdana 24 unitaterako zentroa da. Aurten 32 unitate ditu, eta hurrengo urteotan 40 unitatera helduko direla adierazi dute. Irurtzungo Atakondoako ikasketak bukatzerakoan bertara doaz Irurtzungo eta Arakilgo ikasle gehienak.

Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko ikasle gehienek Iruñeako San Juanen dagoen Biurdana institutuan jarraitzen dituzte euren ikasketak. Biurdana, berez, 250 ikasleendako institutua da, eta egun 677 ikasle ditu. 24 unitateko zentroa da, eta aurten 32 unitate daude. Eta hurrengo urteetako aurreikuspenek diotenez 1.200 ikasle izatera iritsiko da hurrengo urtetan, 40 unitate gainditzera arte.

Egungo masifikazioarekin bukatzeko, Iruñea iparraldean institutu berri bat egitea eta egungo Biurdana egoitzako patioan gune estalia egitea eskatzen ari dira Iruñeko Biurdana, Sanduzelai eta Patxi Larrainzar institutuetako guraso elkarteak eta baita Orkoiengo Auzalar eta Irurtzungo Atakondoako guraso elkarteak ere. Aurreko gobernuari egin zioten eskaria, eta eskari hori gobernu berriari egin diote berriz. “Gauzak horrela jarraituz gero, 2017rako espazio arazo larriekin egonen gara. Obrak egiteko erabakiak eta prozedurek luze jotzen dute eta orain da erabakia hartzeko unea” nabarmendu dute.