Etxarriren eta Lagun Artearen garaipenak

Guaixe 2015ko aza. 16a, 13:15
Etxarri da berriro liderra.

Preferente maila. 10. jardunaldia: Etxarri 1 – San Jorge 0 / Urroztarra 1 – Lagun Artea 2

Asteburu borobila izan dute preferente mailan dabiltzan talde sakandarrak. Etxarri Aranatzek lidergoa berreskuratu du San Jorgeri 1 eta 0 irabazi eta gero. Partida lehiatua izan zen, eta bi taldeak parez pare aritu ziren. Lehen zatian Etxarrik arriskua sortu zuen, baina ez zen golik egon. Bigarren zatia hasi bezain pronto Saezek Etxarriren aldeko gola sartu zuen. San Jorge berdintzen saiatu zen, baina ez zuen aparteko arriskurik sortu. Baloia lortzen zuenean arriskua sortzen zuen Etxarrik, baina golak ez ziren heltzen. Bukatzerakoan 1 eta 0 gailendu ziren etxarriarrak.

Bestalde, Urrotzen jokoan zeuden 3 puntuak Lakuntzara itorri ziren. Lehen zatian jokoa erdialdean gauzatu zen batez ere, eta bi taldeak oso gutxitan iritsi ziren kontrako areara. Cruzek Lagun Artea aurreratu zuen 28. Minutuan, baina Urroztarrak berdintzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian Urroztarra ongi aritu zen eta garaipena euren eskutan izan zuten, baina ez zuten asmatu. Bukaera aldera, Berazak lakuntzarren bigarren gola sartu zuen, garaipenarena, eta horrela despeditu zen partida.

Derbia Lakuntzan
Etxarri Aranatzek berreskuratu zuen lidergoa (21 puntu), Arrotxapeari puntu bat aterata. Lagun Artea seigarrena da, 16 punturekin. Asteburuan Lagun Artea eta Etxarriren arteko derbia hartuko du Lakuntzako Zelai Berri zelaiak.