Gaur azaroaren 20a da, Franco diktadore golpista ohean hil zen eguna, Santi Brouard eta Jon Muguruzaren balen arrazoiaren azpian erail zituztenekoa.
Brouard haurren medikua zen, eta bere pediatra kontsultan erail zuten kaputxadunek. Jon Muguruza Madrilen. Parlamentuko ateak ireki behar ziren legealdi berri bati ekiteko eta hara joan ziren euskal parlamentariak diputatu akten bilketaren bezperan. Basque izeneko ostatuan afaltzen ari zirelarik, bi kaputxadun sartu ziren metrailetak eskuan hor zeuden guztiak tirokatzen errukirik gabe. Jon unean bertan erori zen. Esnaola larriki zaurituta. Besteak zauriturik.
2003an izan zen hura. Hamabi urte beranduago beste kaputxadun batzuk Parisko hainbat ostatutan sartu dira asmo berberarekin.
Heriotza datorrelarik, ateoak garenok ere elizaren atearen ondoan aurkitzen dugu maiz geure burua, hildakoen omenez egiten den azken ekitaldian presente egoteko. Gaurkoan, Aralarko puntan bizi zen On Inozenzio Aierbe Irañeta etorri zait burura, irribarretsu, leial, eskuzabala. Uhartearra 2001ean joan zitzaigun, eta orduko hartan bere omenez argitaratu zen gomutagarri oharrean esaten zen bezala “herrien arteko bake eta laguntasun mezu bat” utzi zigun.
On Inozenziok munduko herri guztiak maite zituen. Lehenengo eta behin, berea. Bere herria eta bere hizkuntza. 1956an Koldo Mitxelena maisuari berari irakatsi zizkion Uharte, Irañeta, Murgindueta eta Ihabarko euskararen ezaugarriak. Aralarren dago gaur, eraildako gizon eta emakume guztien omenez elizkizun ikusezin hau zuzentzeko. Haren ondoan adopziozko sakandar bat du lagun organoa jotzen: Aita Felipe Murietakoa. Aralarko organo jole ohia, “Aralarko musikaria” deitzen dutena.
Lizarraldeko altsasuar hau euskaltzale sutsua zen eta ez zuen estaltzen. Jazarria izan zen diktaduraren urterik latzenetan eta harat honat ibiltzera kondenatu zuten Espainiako komenturik urrunenetara bidaliz, Melillara ere bai, dispertsatu bat bezala, leku batetik bestera mugitzen etengabean. Euskal Herrira itzultzean, Altsasuko kaputxinoen egoitzan eman zituen bere bizitzaren urte gehienak. Aldizkari bat sortu zuen, “Umeen deia”, bertan haur euskaldunek euskaraz idatz zezaten.
Elizkizun kontzelebratu honetan On Jose Maria Satrustegik (Arruazuarra, Urdiaingo apaiza eta Euskaltzaindiko kidea bera) hauxe dio bere sermoian: “Altxueta mendiko haize zorrotzak emana iduri du bake mina duenak.” Eta Aita Feliperi begiratuz: “Zuk diozun bezala, haurretan dago geroa; eta haurrak nahi dituzu bakearendako. Hila, hotza da hiltzailearen bihotza. Aterako gara ahal dugularik. Ahalko dugu nahi dugularik”.
Bakaikuko Aita Patxi Ondarrak baietz esaten du buruarekin. Altsasuko On Marino Aierra, maitasunez betea, ez da oraingoan ebanjelioaz lotsatzen.