Gure bailara toki paregabea da naturaz gozatzeko. Makina bat jende ibiltzen da gure baso eta mendietan kirol eta aisialdi jardunak egiten. Baina, pixka bat erreparatuz gero, neska-emakume eta mutil-gizonen artean aldeak daudela antzeman daiteke. Arraroa da mendian emakumezko bat bakarrik, lagunik gabe, ibiltzea. Mendia gogoko ez dutelako? Ez dut uste arrazoia hori izango denik.
Askorentzat da gustukoa mendian ibiltzea, igeri egitea, piraguan ibiltzea, eskaladan ibiltzea, eskiatzea, kalean edota mendian korrika egitea, halako askatasun sentsazioa eta espazioaz gozatzeko aukera ematen duelako. Baina emakumeen kirol jarduerak, askotan, espazio itxietara mugatzen dira, izan kiroldegi, pilotaleku edo gimnasio. Tradizioz espazio itxietan hezi gaituzte, kontrolatuagoak direlako, naturak eta inguru irekiek ez dutena.
Gure beheko basoetan egunero-egunero ibiltzen diren emakume batzuek esandakoa kontatuko dizuet. Basoan badira puntu edo zeharkaldi batzuk “eragotzita” antzematen dituztenak. Asko dira errekatik aurrera edo bidetik ateratzea ausartzen ez direnak, batez ere bakarrik doazenean. Baso-basoak halako kontrolik gabeko izaera hartuko balu bezala, itsesiak (hesiak) bailitzan. Horrelakoak entzuten ditudanean Txanogorritxoren ipuina datorkit gogora.
Baina, antza, poliki-poliki gauzak aldatzen hasiak dira. Gure espazio ireki horiek gustura esploratzen dituzten emakumeak gero eta gehiago dira, ikusi besterik ez dago azken mendi eta herri lasterketetan, Behobian, Zegama-Aizkorrin, Lilatoian, eta abar parte hartu duten emakume sakandarren kopurua. Nahi dutena eta gustatzen zaiena egiten, lehiatzeko prest eta bildurrik gabe, beheko basoan eta bargan bezalaxe.