Generazio berriko banda zabala lau herritara iritsiko da

Guaixe 2015ko aza. 17a, 13:05
Ikasleak ordenagailuen aurrean.

Aurten banda zabal ultra-azkarra hedatuko dute.

Industria, Energia eta Turismo Ministerioak jakinarazi du generazio berriko banda zabala hedatzeko zein proiektu lagunduko dituen. Telekomunikazio sare berriaren hedatzeak banda zabaleko zerbitzuaren abiadura handitzea ekarriko du. Ministerioak onartutakoaren arabera bi abiadura eskainiko dira: altua (30 Mb/s) edo oso altua (100 Mb/s edo gehiago). Egitasmo horrek herritarren artean sortutako zulo digitala berdindu nahi du, banda zabala eskualde berrietara hedatuz.

Ministerioak onespena eman dio Telefonica enpresak Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Altsasura banda zabal ultra-azkarra hedatzeko proiektuari. Proiektua Ministerioak eta Europaren  Eskualde Garapenerako Funtsak (FEDER) finantzatuko dute. Sakanako lau herrietan eta Zangozan banda zabala hedatzeko 740.000 euroko inbertsioa eginen du telekomunikazio enpresak eta 260.000 euroko diru-laguntza jasoko du.