Nazabal, Mariñelarena eta Matari errekonozimendua

Guaixe 2015ko aza. 18a, 09:34
Floren Nazabal, Urrezko Aizkorako 9. txapela irabazi eta gero.

Nafarroako Gobernuaren Kirol Merituari domina jasoko du Eduvigis Matak eta Ohorezko Aipamena Floren Nazabalek eta Alex Mariñelarenak

Nafarroako Gobernuak urtero Kirol Merituari Zilarrezko Dominak eta Ohorezko Aipamenak ematen ditu, kirolaren alorrean lana egiten duten kirolariak eta sustatzaileak omentzeko. Aurten 17 zilarrezko domina eta lau ohorezko aipamen eginen ditu Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Egunaren inguruan abenduaren 2an 12:00etan antolatutako ekitaldien barruan.

Kirol Merituari errekonozimendua egiteko banatuko diren 17 dominen artean bat jasoko du Eduvigis Mata Leonek. Matak 33 urte daramatza Irurtzunen pilota sustatzen eta lan horri aitortza egin nahi dio Nafarroako Gobernuak. Eta Gobernuak egingo dituen lau Ohorezko Aipamenen artean bi kirolari sakandarrek jasoko dute errekonozimendua: aurten erretiroa hartu duen Floren Nazabal Leitza aizkolari etxarriar handiak eta Alex Mariñelarena Mutiloa pilotuak. 2014ko otsailean Munduko Motoziklismo Txapelketako Moto2 mailan aritzeko Paul Ricard zirkuituan Tech3 eskuderia frantziarrarekin entrenatzen ari zela istripu gogorra izan zuen irurtzundarrak. Errekuperazio luzea izan du, baina medikuek gomendatuta motoan lehiatzeari utzi dio Mariñelarenak, lehian aritzeko ezgaitasuna duela esan baitiote. Istripu txikiena izanda ere, horrek kalte larriak eragin diezazkioke eta horren aurrean motoziklismoa utzi behar izan du.

Bestalde, Nazabalek agur esan behar izan dio bere ibilbideari, disko-herniak sortzen dizkion arazoengatik. Bere palmares zabalean Euskal Herriko maila nagusiko 6 txapela ditu, Nafarroako lehen mailako 9 txapela, Nafarroako Bikotekako 8 txapela, Banakako Urrezko Aizkolarien 9 txapela eta Bikotekako Urrezko Aizkolarien 3 txapela.

Euren kirol ibilbideari agurra esan dioten honetan omenaldi polita jasoko dute.