Plan Estrategikoa garatzeko hitzarmena lantzen hasiko dira

Guaixe 2015ko aza. 19a, 08:58
Sakanako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak bildu ziren atzo.

Sakanako ordezkariek Nafarroako Gobernuko ordezkariekin egindako lehen bileran hitzarmena lantzen hasteko konpromisoa hartu dute.

Sakana 2020 Plan Estrategikoa (SPE) aurrera eramateko ibarreko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak elkartu ziren atzo. Sakanan azken urteetan egindako lanaren segida emateko, gobernuarekin hartu behar diren akordioak zehazteko plana izan da bileraren helburua. Legegintzaldi akabera hitzarmen bat sinatzeko aurreko gobernuarekin emandako pausoak bertan behera gelditu ziren. SPE garatu ahal izateko
Sakanako ordezkariek lehenbailehen berreskuratu nahi zuten gobernuarekin harremana eta atzoko bilerarekin lehen urratsa egin zen.

Aierdi kontseilariak bileran azaldu du Sakanan egin den plangintza balio handikoa dela eta eskertzekoa. Aierdik gobernuaren aurrekontuen prozedura zertan den azaldu zien sakandarrei. Argitu zienez, “orain zein ekintzk eta zenbateko finantzaziorekin konprometitzen ahal garen aztertu beharko dugu”. Dena dela, aurreko negoziaketetan bezala, SPEren bidetik eskualdeko egoerari modu orokor eta partekatu batean erantzutea ahalbidetuko duen hitzarmena lantzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek. Hala, adostu dute Nafarroako Gobernuak lehen proposamen bat eginen duela eta hurrengo egunetan Sakanako ordezkariei emanen diela.

Enpresariekin
Aierdi kontseilaria Nafarroako eskualdeetako enpresa-erakundeekin bilera erronda egiten ari da. Eguberrien aurretik Sakanako Enpresarien Elkartearekin bilduko dela jakinarazi zuen atzo.


Bi aldeetako ordezkariak
Sakanakoak: Aitor Karasatorre (Sakanako Mankomunitateko presidentea), Joseba Garmendia (Sakantzen Sarea), Iker Manterola eta Aintzane Iriberri (Sakanako Garapen Agentzia), Jose Julian Garziandia (enpresaria eta Sakanako Enpresarien Elkarteko kidea), Javier Ollo (Altsasuko alkatea), Ainara Aiestaran (Uharte Arakilgo alkatea) eta Markos Erro (aholkularia).

Nafarroako Gobernukoak: Manu Aierdi (ekonomia garapenerako lehendakari-ordea), Maitena Ezkutari (Turismo eta Merkataritzako Zuzendari Nagusia), Pilar Irigoien (Politika Ekonomiko, Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia) eta Izaskun Goñi (kabinete burua).