Sakanako EH Bilduko berdintasun-zinegotziek (Aitzaga Zeberio Petriati, Arbizu, Silvia Marañon Chasco, Etxarri, eta Oihana Gallo San Roman, Urdiain) emakumeenganako indarkeriaren kontrako eguna dela eta jakinarazi dute ikasturte honetan “gure herrien egoerara egokitutako indarkeria matxistaren aurkako protokoloak lantzeko konpromisoa” hartu dutela. Horiek sortzeko sakandarren parte hartzea ezinbestekotzat jo dute zinegotziek. Azken helburua “emakumeak indarkeria matxista ororengandik libre bizi ahalko diren, eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna oinarri izango duen jendarte librea eraikitzeko pausoak eman nahi dituzte”.
Azaroaren 25a dela eta EH Bilduko berdintasun zinegotziek adierazi dute “indarkeria matxista emakumeek eta gizonek bizi duten desberdintasun-egoeraren adierazpen bortitzena” dela. Indarkeria mota hori egiturazkoa dela eta muinean ordena soziala bera, sistema oso bat, dagoela nabarmendu dute. Koalizioko berdintasun zinegotziek azaldu dutenez, “indarkeria matxista era askotara agertzen da”. Argitu dutenez, “ez da soilik bikote-harremanen barruko indarkeria. Eraso matxistak kalean ere egiten dira, lanean, polizia-etxeetan, kartzelan, ikastetxeetan, koadrilan, komunikabideetan eta publizitatean, aisialdian… edonon gertatzen dira”. Horregatik, “leku guztietan borrokatu behar dugu indarkeria matxistaren kontra”.
Bihar “emakumeenganako indarkeria oro baztertzen dugula ez ezik, indarkeria hori eragiten duten agente oro ere baztertzen dugula ozen aldarrikatzeko eguna” dela esan dute EH Bilduko hiru zinegotziek. Eta sakandar guztiei dei egin diete herrietan eginen diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera.