4nek jendaurrera

Guaixe 2015ko aza. 20a, 13:03

Gaur, 22:30ean, Etxarriko garagardo azokarako jartzen den karpan 4nek (launek) taldeak estreinako kontzertua eskainiko du.

 

Eskarmentu handiko musikari boskote batek osatzen du taldea. Boskoteak elkarrekin jo izan dute, elkar ezagutzen zuten, lagunak…  Hainbat talde eta estilotako talde eta proiektuetan parte hartu dute. Haietatik guztietatik hartu du 4nek eta euskaraz abestutako pop-rock estiloko doinuak sortu dituzte.

Taldekideak jendaurrean “behingoz” mustutzeko “kriston ilusioarekin” daudela azaldu digu Juanpa Agirre abeslariak. Gaineratuz:“14-15 urterekin hasi gineneko sentipena dugu: nolakoa izanen da jendearen harrera? gustatuko den edo ez? Guk dena emanen dugu”. Agirrek berak, Imanol Goikoetxeak eta Joseba San Sebastianek sortu zuten taldea 2014an. Azken hori izan zen “aspaldiko lagunak” elkartu zituena. Urte bereko garilean Xabi Zubeldia gehitu zen taldera eta aurtengo ilbeltzean  azken partaidea batu da taldera, Juanma Urriza, Boli.

Hasieratik sormen lanari heldu zioten. “Behin elkartuta gurea den zerbait, gure kantak egiteko gogoa genuen”, esan digu Agirrek. “Bakoitzak musika zaletasun, gustu eta estilo ezberdina dugulako. Dena elkartuz zer sortuko ote zen jakin-mina genuen”. Etxetik eramandako ideiak komunean jarri eta denen artean gauzatu dituzte kantuak, “orain jendeak esan beharko duzue”. Kantuak janzteko hirukoak sentitzen zuten premiak ekarri ditu beste bi taldekideak. Norberak bizi izandakoak, gaur egungo bizitzaren kontuak, norberaren ilusioak eta beste eraman dituzte letretara. Lokalean egindako lanarekin kantu “zerrenda dexente bat” sortu dute.

Gaurko Etxarriko emanaldiaren ondoren zenbait data lotuak dituzte. Agirrek argitu digunez, ez dute kontzertu asko lotu nahi izan: “geldi-geldi hasi nahi dugu, presarik gabe. Kantuek zein harrera duten ikusi nahi dugu”. Lekunberri, Tolosa, Iruñea, Donostialdea… izanen dira 4nek taldearen hurrengo geldialdiak.

www.4nek.eus
Taldearen web orrian entzun-gai daude haien kantuetako batzuk. Baita bideo bat ere. Facebook-en ere haien berri izan daiteke.

Taldekideak
Juanpa Agirre (ahotsa, Etxarri Aranatz): Akelarre, ETBko saio ezberdinetan, Iheitza, Kontraesaka, Monkey Band, Sonykete, Kaixo, Jator…

Joseba San Sebastian (baxua, Lesaka/Lakuntza): Alex Ubago, Sen, Rogelio Botanz, Trikitake, Kristina eta Amaia, Zukutu Band, Ane eta Piratak…

Imanol Goikoetxea (gitarra, Urdiain): Alex Ubago, La oreja de Van Gogh, Gozategi, Iheitza, Trikitake…

Xabi Zubeldia (teklatuak, Tolosa): Akelarre, Marruma, Basajaun, Mikel Garikoitz& Denali, ETBko hainbat saiotan, Zirika…

Juanma Urriza, Boli (bateria, Berriozar): Skalariak, Khurare, Alberto Arteta Grup, jazz hainbat proiektuetan… Jean Mari Ecay, Ara Malikian…